Jone Arriolaren 'Dena asmatuta dago filmak irabazi dau Urrezko Antzarra

Bizkaie! 2024-10-21 09:18   Zinemea

Euskal Zinemaren Begirada sariak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu dau.

47. Euskal Zine Bilerak bere Sail Ofizialeko Lehiaketearen irabazleak emon ditu ezagutzera. Danetara, 20 film labur izan dira lehiaketan sartzea lortu dabenak eta urriaren 17tik 19ra ikusi ahal izan diranak Ikusgarri zine-aretoan.

Hogei lanen artean bost izan dira sariak irabazi dituenak. Alde batetik, Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena eta Benito Ansola saria izan ditugu. Horreen irabazleak erabagitearen arduradunak Ainara Elgoibar zinegilea, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal bertsolaria izan dira, zinemagintza eta euskal kulturearen ezagutza handia duen epaimahaia. Erronka handia izan da parte-hartzaileen artean irabazleak aukeratzea. Bestalde, ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikuslearen saria erabagi dabe.

Film onenaren saria, Jone Arriolaren Dena asmatuta dago lanak eroan dau Urrezkoa Antzarra eta 3.000 euroko saria. Epaileek adierazo dabenez: bainera txiki batean gauza asko kabidutebn dirala erakusten deuskun lana da hau. Pelikula organikoa, naturala eta, batez be, freskoa. Gidoirik bakoa emoten dauen arren, alkarrizketa sinisgarri eta samurra aurkezten jaku, eta horrek aktoreen eta zuzendariaren arteko kohesinoa eta aurre-lan handia eskatzen ditu. Aktoreen interpretazinoa be azpimarratu nahi dogu, egon beharreko tokian baitagoz beti.

Zuzendaritza onenaren saria, Maddi Barberen Alas/Tierra filmari jagokonez, epaileen eretxiz, lengoaia propioa dauen pelikulea, zuzendariaren ikutu garbia dauena. Filma harilkatzen dauen poemea euskeratzerakoan, berben esangurea beste eremu batean kokatzen da: zuzendariaren munduan. Berarentzat 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Itziar Leemansen Ximinoa filmak eroan dau. Epaileen esanetan: klase arazo baten gaur egungo iraupena erretratetan dau begirada femenino batetik. Isiluneen erabilera elokuentea eta espazioen tratamendu izugarri adierazkorra eta gorputz horreek eurekaz zelan lotzen diran' narbamendu dabe epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zidarrezko Antzarra.

Benito Ansola saria, Daniel Nespereira eta Zihara Etxeberriaren Larramendi filmak irabazi dau. Epaileek nabarmendu dabenez: istorio bitxia da eta irudi-efektu interesgarriak darabiz. Egileei esperimentetako pasinoa antzemoten jake, eta horretan jarraitzera animetan ditue epaileek. Sari honen irabazleak 2000. urtetik jaietakoa izan behar dau. Sari honen irabazleek Zidarrezko Antzarra eta 1.000 euroko saria jaso dabe.

Epaimahaiaren Aipamen Berezia Kote Camachoren “Puzzleak, bortxaketaren jauregia” lanarentzat izan da. Saririk jaso ez badau be epaimahaiak aitamen berezia egin nahi izan deutso: “filman lanutako kasua ikaragarria da, isiltasunez inguratuta egon dana eta oraindino be badagoana. Horregaitik da hain beharrezkoa holako lanak zabaltzea, protagonistek adierazoteko espazioa izan eta gizarteak entzun daizan”.

Azkenik, ikusleek astean zehar emondako botoen bidez EITB Ikuslearen sariaren irabazlea zein izan dan jakin dogu: Kote Camachoren “Puzzleak, bortxaketaren jauregia”, hain zuzen be, batez beste, 5etik 4,19 puntu lortuz. Beraz, film horrek irabazi dau Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zinemaren Begirada: Itziar Ituño.

Euskal zinemagintzearen figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada saria emonez, Itziar Ituño euskal aktorea omendu nahi izan da. Euskal Zine Bilereak haren begiradea jarriko dau euskal ikus-entzunezkoen arloan ekarpen berezia egin dauen eragile eta persona batengan, munduari euskeraz ekin deutson aktore unibersal bati egin nahi jako merezidutako autortzea, haren ibilbidean zehar euskal ikus-entzunezkoetan eta euskeran izan dauen eragina aintzakotzat hartu eta haren lana balioan jarriz. Aurtengo Euskal Zinemaren Begirada Itziar Ituñori emon jako, lurralde, zein hizkuntzearen mugak igaro dituan aktore euskalduna eta euskaltzalea, hain zuzen.

Beti berria zan zinea

Sari banaketa ekitaldian aurtengo irabazle guztiak ikusi ditugu, baina horrek ez dau esan gura jaialdia amaitu danik, ezta gitxiago be. Euskal Zine Bilereak bere egitaraua zabalduko dau domekan eta astelehenean zehar be.

Klixka

Arropaineko Arraguarekin batera, “Klixka” esperimentazio espazioa eta sorkuntza tailerrak antolatuko dira. Klixka sorkuntza tailerretan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz diseinatutako espazio esperimental bat da. Zinema hedatua, animazioa esperimentala, collage filmikoa eta zuzeneko zinema bezalako kontzeptuen inguruan proposatutako espazioa da hau.

Klixka Esperimentazino Espazioa

Urriaren 20 (11:30-13:30), kultur Etxeko Eskolape aretoan.

Atzo 8

Egitasmo honek ikus-entzunezko ondare analogikoaren inguruan egingo dau lan. Egun osoan zehar "Eskua eta Makina: Nola egin Super8ko kamera estenopeikoa" lantegia egingo da eta arratsaldean proiektatuko dira eregitako esperientziak performance formatoan.

> Atzo 8 Lantegia

Urriaren 20an, 17:00etan, kultur etxeko Eskolape aretoan.

> Atzo 8 Proiekzinoa

19:00retan, Ikusgarri zine-aretoan

Proiekzio bereziak

> Zortzitik infinitura:

Benito Ansola zinemagilearen bizitza ibilbide hartuta eta Miren Agur Meabe idazlea bidelagun ditugula, euskal zinemagintzearen historian barrena bidaiatuko dogu, bai euskal zinema eta bai euskerazko zinemea erein ziranetik gaur egun bizi daben loraldiraino. Zortzitik infinitura dokumentalean Miren Agur Meabe eta lujozko laguntzaileak izango dira, euskal zinemagintzearen bilakaeran lekuko eta protagonista eta entzute handiko hainbat zinemagile euskaldun.

Urriak 20, 17:30ean, Ikusgarri zine-aretoan.

Dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia: Naia Laka (zuzendaria eta gidoilaria), Miren Agur Meabe (aurkezlea eta idazlea), Benito Ansola (apaiza eta Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat) eta Xabier Villalba (ekoizpen zuzendaria).

> Levante

Zinegoak (Bilboko LGTBIQ+ Nazinoarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia) eta Euskal Zine Bilerearen alkarlanari esker, Levante filma eta honen inguruko barriketaldia atondu da Alaitz Arenzana eta Maren Zubeldiaren eskutik.

Urriak 21, 19:30ean, kultur etxeko Azkue aretoan. Pelikularen proiekzinoa eta barriketaldia: Alaitz Arenzana eta Maren Zubeldia.

Danon arteko alkarlana

Aurtengo jaialdiaren parte izan diran laguntzaile eta babesleak be gogoratu gura geunkez: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, EITB, Eusko Label, Erabil, Euskaltzaleen Topagunea, Hitza, Euskadiko Filmategia, Zinegoak, Euskal Herriko Bertsozale elkartea, Arragua, Lekittoko Zinemazaleak, BBK, Traola produkzioak, Baleuko eta Zine-Lab izan dira Lekeitioko Udalak antolatzen dauen Euskal Zine Bilerea aurrera eroateko laguntzea eta babesa eskaini daben eragileak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu