'Bake soinuak' Euskalduna Jauregiaren 25. urteurrenean

Bizkaie! 2024-10-17 08:32   Musikea

Munduko gerra egoeraz ohartuta, ez dau aukerea alde batera itxiko bozgorailu bezela jarduteko.

Euskalduna Jauregiak abenduaren 5ean amaituko ditu 25. urteurreneko egitasmoak, Bake Soinuak kontzertuagaz. Ondoko artista honeek izango dira ekitaldian: BOS, Bilboko Koral Alkartea, Hortzmuga, Izaro eta Asier Etxeandia. Hori bai, munduko gerra egoeraz ohartuta, Biltzar eta Musikaren Jauregiak ez dau aukerea alde batera itxi nahi bozgorailu bezela jarduteko eta gerrearen eta haren ondorioen aurkako deia egiteko. Holan, kontzertuaren ardatza Bakearen eta giza eskubideen defensea izango da.
 
Auditoriumean egingo da galea, 19:30etik aurrera. Euskalduna Jauregiak Bizkaiko gizarteagaz partekatu nahi dau kontzertua eta lurralde osoari konbidapena luzatzen deutso egun horretaz disfrutetako eta Bakearen aldeko deialdiagaz bat egiteko. Sartzea doban da, baina zozketa baten bidez banatuko dira sarrerak. Interesatuek izena emon ahal izango dabe hemen eta aurrez aurre leihatiletan, betiko ordutegian.
 
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kulturea eta Kirol diputaduak gogorarazo dauenez: etxean eta etxekoekaz ospatzea da 25 urte horreek autortzeko modurik onena. Ekitaldiak, beste behin be, gure gizartearen eta Bizkaiko kulturearen espiritu solidarioa erakusten dau: bakearen eta giza eskubideen defensearen aldeko apustua eginez. Bake soinuak guretzat garrantzitsua dan efemeridea egiteko balio dau, baita egungo munduko gerra egoera salatzeko bozgorailu be.

Bestalde, Iñigo Iturrate Euskalduna Jauregiko zuzendari nagusiak adierazo dauenez galearen egitarauak oso obra esanguratsuak batzen ditu, gure historiako une garrantzitsuenekaz eta justizia eta bakearen behar unibertsalekaz lotuz.
 
Organo kontzertuen zikloa

25. urteurrenaren barruan, Euskalduna Bilbaok organo kontzertuen zikloa programau dau, domekan, urriak 20, lehen emonaldia eskainiko dauena: Carnaval imaginaire. Benjamin Alard izango da Auditoriumeko organoa joteaz arduratuko dana. Ganera, Karmele Jaiok idatzitako eta errezitatutako testuek ladunguko deutse.
 
Bizkaia Kantuan (zemendiaren 24an), barriz, Alberto Sáez Puente eta Matías Sagreras izango dira kontzertuko protagonistak, lurraldeko hainbat abesbatzen laguntzinoakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu