'Soinu zaharrak, begirada barriak' zikloa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2026-09-30 09:18   Musikea

Programazinoak txistua bizirik dagoan instrumentua dala aldarrikatzen dau.

2026-2027 denporaldiak zortzi kontzertu izango ditu 2026ko urriaren 7tik 2027ko apirilaren 14ra bitartean: bost Euskalduna Jauregian eta hiru Campos Elíseos Antzokian.

Txistuaren esentziari eutsi eta, aldi berean, ahotsagaz, pianoagaz, zirkuagaz, jantzeagaz, abesbatzakaz eta musika-sorkuntza barriakaz buztartzea da asmoa.

Maider Legarreta, Iñar Sastre, Amaiur Cajaraville, Gorka Aginaga eta Eriz Pérez txistulari boskoteagaz batera agertuko dira oholtzan, Bilbao Musikako Abesbatza, Arratiako Korua, Antzarte Dantzari Taldea, Trakamatraka, Musikeneko (Euskal Herriko Goi Mailako Musika ikastegia) eta Bilbao Musikako txistu ikasleak.

Zikloa urriaren 7an, eguaztenean, hasiko da Euskalduna Jauregian, Iduriak ikuskizunagaz. Proposamenak lehiaketetan sortutako konposizinoetan jarriko dau arretea eta Bandea bere formazino tradizionalean entzuteko aukerea eskainiko dau. Denporaldiko lehenengo hitzorduak txistuaren berezko sonoridadeak izango ditu abiapuntu, ondorengo saioetan instrumentua entzuteko, ulertzeko eta biziteko bestelako moduak aztertzen joateko.

Aste bi aurrerago, urriaren 21ean, Kantaldia iragarri dabe, Bandeagaz batera ibiliko dira Maider Legarreta, abeslaria; Iñar Sastre, pianistea; eta Amaiur Cajaraville, bajistea. Ahotsaren eta instrumentuen arteko buztarketeak emongo deutso formea gaualdiari, txistuaren tinbrea kantuagaz eta publikoarentzat gertukoa dan musika-formatu bategaz alkarrizketan jarriz.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu