Jon Maiaren 'Kantu bat gara' ikuskizunak itxiko dau Aitzina Folk

Bizkaie! 2024-10-16 09:47   Musikea

Jaialdia, zemendiaren 9tik abenduaren 29ra izango da.

XII. Aitzina Folk Jaialdi Solidarioak 20 kontzertu eta jarduera baino gehiago atondu ditu aurtongo edizinoan. Emakume artisteti bultzada berezia emongo jake eta umeentzak jarduerak, kalejirak, folk eskoletako ikasleen topaketak, zazpi tailer eta nazinoarteko presentzia nabarmena izango da.

Jaialdiaren programazino osoa Gasteizko Montehermoso Kulturgunean aurkeztu dabe. Estadu mailan folk musikea eta kultura tradizinonala hedatzeko erreferentziako ekitaldi bihurtu da Aitzina Folk. Kontzertuak eta tailerrak zemenditik abendura bitartean egingo dira Gasteizko hainbat agertokitan. Sarrerak eskuragarri dagoz hemen.

Egitaraua zemendiaren 19an, zapatua, 19:00etan, aurkeztuko da Gasteizko Santa Maria Katedralean, Xuxurlaka taldearen eskutik. Ainara Moreno abeslariak eta Patxi Villen musikariak Irlandako zelten tradizinoa hurreratuko dabe urira, harpa, uilleann pipe edo irlandar gaita eta whistles lako instrumentuak buztartuz.

Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak gogorarazo dauenez, Aitzina Folkeko jatorrizko helburuak dauela hamabi urteko bardinak dira: musikea, folkea eta kulturea tradizinonala zabaltzea eta ataxia telangiektasia ikertzen laguntzea. Gaixotasun arraroa, genetikoa, multisistemikoa eta neurodegeneratiboa da, tratamendu eta sendabide barik, eta gitxitutako desgaitasun fisiko larria eragiten dau. Hiru mutili eragiten deutse Araban, eta 40 ume zein gazte baino gehiagori Estaduan.

Oslon eta Bartzelonan gaixotasun hori ikertzeko egiten ari diran ikerketak be aitatu ditu. Helburuetako bat paziente horreekaz hartu-emonak izan daben osasun-langileekaz batera gida bat eta jarduera-protokoloa garatzea da. Era berean, aurtongo programazinoan egindako inbersinoak handiagoak dirala azpimarrau dau, publiko guztiei zuzendutako musikea eskaintzea zabalagoa lortzeko.

Programazinoa

Folkearen hazkundea bultzatzeko, urtero lez, Aitzina Folk Jaialdiak euskal musikarien, beste eskualde batzuetako artisten eta nazinoartekoen emonaldiak eskaintzen ditu. Tokiko eta edozein jatorriko musikari emakumeei laguntzino berezia eskaintzen jake, emakumeen presentzia sustatuz.

Ganera, Txikifolk sailean kontzertu bi eskainiko dira (Xirribit Euskal Barrok Ensemble eta Odaiko, biak Gasteizen).

Era berean, Musika Tradizinonaleko eta Folkeko Eskolen TOPAfolka zemendiaren 30ean izango da. Gasteizko eta Arabako eskoletako ikasle gazteenentzat euren musikea partekatzeko aukerea eskainiko da. Jaialdiak, folk sesino bi eta formakuntza-tailerrak eskainiko ditu (irrintziak, uilleann pipe, perkusino iberikoa, jantzak, biolina, txalaparta eta bodhran).

Jaialdian izango diran artista handienetakoen artean, ondoko honeek dagoz: Fillas de Cassandra (zemendiak 30); Odaiko (abenduak 1); Cabra (abenduak 21); Xiberua Kantu Loraturik (Abenduak 20); Besaide (Abenduak 14); Iñaki Palacios (Abenduak 13); Jon Maia (Abenduak 29); Irlandako Lunasa (zemendiak 24) eta Shorelines Trio (zemendiak 23).

Aurton, 100 abonu atera ditue, 100 euroko prezio berezian. Abonuak zein ekitaldirako sarrerak (6 eta 30 euro arteko prezioan), salgai dagoz hemen. Irabazi guztiak Aefat alkaterako izango dira.

Horrezaz gan, fila cero egitasmoa sortu dabe, nahi dauenak bere aportazinoa egiteko (Laboral Kutxa 3035 0228 96 2280099996).

Aitzina Folk Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Laboral Kutxak, Vital Fundazioak eta Santa Maria Katedrala Fundazinoak babesten dabe. Horreezaz gan, Ideolabek, Artiumek, EventoKit, Izaskun Arrue Kulturguneak, Radio Vitoria, Diario Noticias de Alava, Cadena SER, La Caixa, Hotel Boulevard, Bide-Bidean, Artepan, Eusko Label, Jimmy Jazz aretoak, Eukeni Txakoli, La Gisteria, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa, Luis Aramburu Musika Eskola, Gasteizko Folklore Akademia, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa, Folk Eskola, Hala Bedi Taberna, Falerina Taberna eta Jaizki Fontaneda Fotografiak kolaboratzen dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu