Katalunia, Ipar Irlanda eta Man Ugarteko taldeak Musika Bizian Jaialdian

Bizkaie! 2024-10-09 13:46   Musikea

Urriaren 25ean eta 26an, Galdakaon.

Munduko plaza izango da Galdakao urriaren 25ean eta 26an, izan be, Musika Bizian Jaialdiko hamargarren edizinoa egingo da. Beraz, Euskal Herriko, Kataluniako, Ipar Irlandako eta Man Ugarteko doinuak entzungo dira Iturrondo plazan.

Galdakaoko Torrezabal Etxean aurkeztu dabe aurtengo edizinoa. Iñigo Hernandok, Galdakaoko alkateak; Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Unai Zabalak, Andra Mari Eusko Jantzari taldeko presidenteak eta Uxue Bejaranok, jantza taldeko kideak, emon ditue aurtongo nondik norakoak.

2014. urtean atondu eban lehen aldiz Musika Bizian Jaialdia Andra Mari Eusko Jantzari Taldeak. Aurton, Ipar Irlandatik (Brian Finnegan & Hunger Of The Skin), Kataluniatik (Xavi Sarrià) eta Man Ugartetik (Tomas Callister & Friends) eta, Euskal Herriko (Tapia eta Leturia) taldeez disfrutetako aukerea be egongo da.

Munduko kulturea aniztasunaren isla izan nahi dau Musika Bizianek eta hori erakutsiko dau atzerritik etorritako taldeekaz, kultura gitxiendutako eta zapalduen arteko alkartasun jaialdia da, Uxue Bejarano taldekideak azpimarratu dauenez.

Unai Zabala presidenteak nabarmendu nahi izan dau jaialdia herritik eta herriarentzat atontzen dala urtero eta bertan lanean dabizen guztiak bolondresak dirala: gero eta ez ohikoagoa da auzolanean egindako proiektuak aurrera ataratea eta esangura horretan eskertzekoa da Andra Mariko kideek egiten daben lana.

Luthierrei lekua

Betiko lez, luthierrek eta musikari artisauek leku berezia izango dabe Iturrondoko karpan: Musikea ulertzeko eta biziteko gunea da; luthierrik eta musikari artisau barik ez zan egongo musikarik, funtsezkoak dira, adierazo dau Uxue Bejaranok.

Kontuak kontu, Bizkaitik, Arabatik, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Galizatik, Kataluniatik eta Gaskoniatik etorriko dira euren lanak erakustera, urriaren 26ko eguerdian.

Kale animazinoak be ez dau hutsik egingo Musika Bizianen; urtero lez, Taberna Ibiltariak girotuko dau Galdakao urriaren 25eko arratsaldea, jaialdiari hasierea emoteko. Hurrengo goizean, 26an, Galizatik etorritako Xistra de Coruxo taldea eta Galdakaoko Ad Libitum Txistu Bandea ibiliko dira kalez kale; eta arratsaldean Burrunba Elektrotxarangeak girotuko ditu Galdakaoko kaleak.

Andra Mari Eusko Jantzari Taldeak eskerrak emon nahi izan deutsee jaialdiaren hamar edizinoetan babesle eta laguntzaile izan diran guztiei, baita oholtzara igon diran talde, norbanako eta luthierrei be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu