Badatoz Zinexit Topaketak

Bizkaie! 2024-10-07 12:40   Zinemea

Giza Eskubideen XIV. Zinema Erakustaldiaren aurrekaria.

Jorge Freytter Florián, Jagoba Álvarez Ereño eta Luz Estella Romero. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinexit Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia hainbat errealidade hurreratzeko eta zazpigarren artearen bidez bizikidetzeari eta oinarrizko eskubideei buruz hausnartzeko gune bezela sortu zan. Aurton, zemendiaren 25etik 29ra, hamalaugarren edizinoa egingo da Bilboko Azkuna Zentroko Golem Zinema-aretoetan. Aurretik, Zinexit Topaketak egingo dira. Ekimen biak, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzeak atontzen ditu.

Beraz, bihar, urriak 8, Zinexit Topaketak egingo dira, Tonio Hecker zuzendariaren El caso Freytter dokumentalaren emanonalgiaz. Amaieran, Jorge Freytter Floriánek, protagonisteak, produktore eta 2001ean Kolonbian hil eben Jorge Adolfo Freytter Romeroren semeak eta Luz Estella Romero Villalbak, Bakerako Jurisdikzino Berezian eta beste instantzia judizial batzuetan gatazka armatuaren biktimen ordezkari bezela auzi estrategikoak zuzentzen hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia dauen abokatuak, hitzaldia eskainiko dabe. Zuriñe Rodriguez kazetariak gidatuko dau berbaldia.

Jorge Freytter Florián 2001ean aitaren bahiketeari, tortureari eta hilketeari buruzko egiaren bila Kolonbiara bueltau zanekoa kontetan dau filmak. Haren heriotzearen inguruabarrak eta arrazoiak argitu barik dagoz oraindino eta ikerketeek herrialde hegoamerikarraren historiaren alderik ilunenetara eroan dabe.

Dokumentala gomutarako eta justiziarako deia da eta oinarrizko eskubideen aldeko burrukearen erronkei eta garaipenei buruzko funtsezko alkarrizketa edegiten dau. El caso Freytter lanean Gizateriaren Aurkako krimenen atzean dagoan logikea aztertu dogu, Kolonbiako komunidadeetako liderren, akademiko kritikoen, sindikalisten eta Giza Eskubideen defendatzaileen hilketa sistematikoaren atzean dagoan logikea, hain zuzen be, adierazo dau Jorge Freytterek.

Zinexit eta Zinexit Topaketak erreferente bihurtu dira bizikidetzeari eta Giza Eskubideei buruzko hausnarketearen esparruan. Geure gizartearen erronkarik premiazkoenei buruzko zinemea eta hausnarketea buztartzen dituan gunea da, ikuspegien aniztasunak eta ahotsen aniztasunak bat egiten daben ulermen eta alkartasun-sarea sortzeko.

Jagoba Álvarez Ereño Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren zuzendariak adierazo dauanez: inguruan doguzan eta kezkatzen gaituen gaiei buruz hausnartzera eta eztabaidatzera animetan dodaz guztiak, zinemea pensamendu kritikoa sustatzeko bitartekotzat erabiliz. Gozau daigun alkarregaz giza erresilientziaren, alkartasunearen eta zinemearen indar eraldatzailearen ospakizun honetaz.

Sartzea doban da, leku guztiak bete arte. Konbidapenak Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetako leihatilan lortu daitekeez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu