Estibaliz Lizaso eta Pol·len edicionsek eskuratu dabe Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Saria
2024-10-02 13:21 KultureaKontrako eztarritik katalanera itzultzeagaitik.
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren Kontrako eztarritik saiakerearen katalanezko edizinoak irabazi dau 2024ko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria. Estibaliz Lizasok itzuli dau lana euskeratik katalanera eta Bartzelonako Pol·len edicions argitaletxeak plazaratu dau Revers. Testimonis de dones bertsolaris izenburupean.
Itzultzaileak eta argitaletxeak Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen eskutik jaso dabe saria, Bidebarrietako Liburutegi Nagusian egindako ekitaldian. Uxue Alberdi liburuaren egileak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak be hartu dabe parte sari banaketan.
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zan jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatur lan baten urteko itzulpenik onena autortzeko. Sariak aintzat hartzen ditu itzulpenaren kalidadea eta argitaletxeak egiten dauen sustapen-lana.
Kontrako eztarritik lanaren katalanezko edizinoari buruz epaimahaiak nabarmendu dau itzulpena zentzun guztietan apartekoa eta erabilitako hizkuntza guztiz benetakoa dala, arina eta egilearen helburuari modu eraginkorrean erantzuten deutsona. Ganera, zuzeneko itzulpena izatea be kontuan hartu dau epaimahaiak, baita bertsolaritzearen zabalkundean lanak egiten dauen ekarpena eta genero rolak auzitan jartea.
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren hamargarren edizinoan ondoko honeek osotu dabe epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak; Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendariak; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; Zuriñe Sanz EHUko irakasle eta EIZIEko kideak; eta June Monroy Etxepare Euskal Institutuko komunikazino teknikariak.
Saria emoteko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak itzulpenaren garrantzia azpimarratu dau, kanpoan euskerazko literatur sorkuntzea erakutsi ahal izateko: Gure literatureari mugak edegiteko eta geure literatur sormena eta geure idazleen talentua beste kultura eta hizkuntza batzuetan be ezagutarazoteko balio dau.
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu eben Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak, jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena autortzeko. Euskal idazleen lanak nazinoarteko publikoarengana iristeko zubia dira itzulpenak. Sariagaz, erakunde biek itzultzaileek itzalean egindako lana azpimarrau eta balioetsi nahi dabe, baita argitaletxeek euskerazko literaturea itzultzearen alde egindako apustua autortu be.
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitekez sarira, betie be, ondorengo baldintzak beteten baditue: aurkeztutako liburua jatorriz euskeraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea eta itzulpena aurreko urtean zehar argitaratutakoa izatea (2023an aurtengo edizinoaren kasuan).
4.000 euroko sari bakarra emoten da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu deien. Irabazleak nortzuk diran erabagiteko orduan aintzat hartzen dira itzulpenaren kalidadea eta literatura-lana argitaratu dauen argitaletxearen sustapen plana.
Sariak Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturea sustatu eta nazinoartean ezagutzera emoteko lantzen dituan lan-ildoakaz bat egiten dau. Literaturearen arloan, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzinoak eskaintzeaz gan, euskal idazleentzat bidaia-poltsak emoten ditu eta nazinoarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen dau.
Estibaliz Lizaso
Estibaliz Lizaso Lopetegui (Tolosa, 1984) itzultzailea eta interpretea da. Esperientzia handia dau kulturearen sektorean eta euskerea katalanera eta alderantziz interpretetako zerbitzuak eskaini ditu hainbat ekitalditan, besteak beste, Bertsolari Txapelketa Nagusian, CCCBko Kosmopolis 23. Poetry Slam. Rapsòdia Submarina ekitaldian edota Menorcako Trobada de glosa i vers improvisat topaketean. Horreezaz gan, Angela Davis, Dashiell Hammet, Nicholas Blake eta JK Rowling lako idazleen lanak itzuli ditu.
Pol·len edicions
Pol·len edicions Bartzelona dagoan argitaletxe kooperatibea da. 2011n sortu zan eta ordutik berrehun liburu inguru plazaratu ditu. Argitaratutako lanak batzen dituan aterki tematikoa pensamendu kritikoa da eta horren barruan uri-antropologia, feminismoak, ekologia, fotokazetaritzea, poesia eta kontakizunak nabarmentzen dira. 2012tik, Pol·len edicionsek euskal literaturearen eta pensamenduaren lanak katalanera itzultzen ditu urtero, lurralde bien arteko zubia indartzeko asmoz. Euskeratik katalanera lan gehien itzuli dituan argitaletxea da, eta bere funtsean, esaterako, Miren Agur Meabe, Joseba Sarrionandia, Hakaitz Cano, Uxue Alberdi eta Mari Luz Esteban idazleen liburuak dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!