Azkuna Zentroak 72. Zinemaldiko film aukeraketa bat eskainiko dau

Bizkaie! 2024-10-01 08:06   Zinemea

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan irailaren 30etik urriaren 6ra bitartean izango da.



Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendarien Marco lanak edegi dau eta François Ozon, Costa Gavras edo Sean Baker lako zinemagile garaikideen azken lanak batzen ditu.

Zikloak Querer barrubatzen dau, Alauda Ruiz de Azuaren fikzinoko lehen seriea. Zuzendariak eta Ivan Pellicer aktoreak saio honetan parte hartuko dabe barikuan, urriaren 4an.

Programek ume eta familientzat pentsautako goizeko saio bi batzen ditu. Danetara, 11 film dira eta horreetako 9 Bilbora heldu dira Sail Ofizialean, Perlak eta New Directors sailean proiektau eta gero.

Aurkezpen-prentsaurrekoan José Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia; Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendaria; Jorge Gil, Marco pelikularen gidoilaria; eta Aranzazu Calleja, musikagilea eta Marco filmaren musika egilea izan dira.

Bart, hasi eta datorren domekara arte, urriaren 6ra arte, jokera ugari islatzen dituen film batzuk biltzen ditu. Programazinoa askotarikoa da, eskarmentu handiko zuzendarien azken lanak eskainiko dituana, baita zuzendari barriek film luzeakaz egindako debutak be. Filmak jatorrizko bersinoan proiektauko dira, gaztelaniazko azpitituluakaz. Gainera, programea umeentzako euskerazko animazinoko film bik osotuko dabe.

Zikloa bart hasi zan Marco filmagaz, Jon Garaño eta Aitor Arregi zinemagileen film luze barriagaz. Veneziako Zinema Jaialdian estreinautakoa, nazien kontzentrazino-esparru batean preso egon zala hainbat urtez isilpean gorde eban gizon baten istorioa kontetan dau.

Ondoren, urriaren 1ean, Sujo, Fernanda Valadez eta Astrid Rondero mexikarrena, Espainiako Lankidetzearen Saria jaso dauena. Gainera, Sundanceko World Cinema Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi eban. Film honetan Mexikoko herri txiki batean karteleko pistolari bat hil dabe. Sujo, haren lau urteko seme maitea, umezurtz eta arriskuan geratuko da.

Azkuna Zentroan proiektauko dan hurrengo filma Anora izango da, urriaren 2an, Sean Bakerren film barria, Cannesen Urrezko Palmondoa irabazi ebana, Brooklyngo sexu-langile gazte baten bizimodua dakarrena.

Urriaren 3an, Coralie Fargeat zuzendari ospetsuak bere bigarren filma aurkeztu dau, The substance izenekoa, Canneseko Jaialdian gidoi onenaren saria irabazi ebana. Zu, baina hobea zentzun guztietan da pelikulearen promesea.

Urriaren 4an, aurten, lehen aldiz, euskal produkzinoko telesail bat sartu da ziklo honetan. Querer izenburupean, Alauda Ruiz de Azúaren fikzinoko lehen telesaila da. Bertan, 30 urte ezkonduta emon eta seme bi alkarregaz izan ondoren, Mirenek senarra itxi eta salatu egingo dau eten barik bortxatzeagaitik.
Barikuan, urriaren 4an, lau kapituluak proiektauko ditue, Alauda Ruiz de Azua zuzendaria eta Ivan Pellicer aktorea bertan dirala.

Nabarmentzekoa da Gülizar, Belk's Bayrak turkiar zuzendariaren lehen film luzea (urriaren 5ean). Istorio honetan Emrek ez dau salatu Gülizar emaztegaiak jasandako sexu-erasoa, baina errudunaren bila joatea erabagiko dau aurrerago.

Zenbait zinemagile garaikideren azken lanak sartu dira programan, besteak beste, Costa Gavrasen Le dernier soufflé, Augustin Masset doktoreak eta Fabrice Toussaint idazle ospetsuak biziteari eta heriotzeari buruz eztabaidatzen daben alkarrizketa filosofiko moduko film bat.

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan David Pérez Sañudo zuzendariaren Azken Erromantikoak filma proiektauko dabe urriaren 6an. Txani Rodriguezen izen bereko eleberriaren egokitzapenak Irune, jokera hipokondriakoak dituan emakume dudatsu eta bakartiaren istorioa kontetan dau.

François Ozon zuzendari frantziarraren Quand vient l’automne be nabarmentzen da, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria –François Ozon eta Philippe Piazzo– eta Taldeko Interpretazino Onenaren Zidarrezko Maskorra -Pierre Lottin- jaso dituana. Bertan, Michelle, sasoi betean dagoan emakumea da protagonista, erretiro lasaia bizi dauena Borgoinako herrixka batean; Marie-Claude –bere lagunik onena– be hor bizi da.

Zikloak ez ditu umeak ahazten eta familiei zuzendutako goizeko saio bi ditu. Alde horretatik, publiko gazteak bere lekua topetan dau Dragonkeeper animazinoko filmagaz, izan be, Salvador Simok eta Li Jianpingek 80ko eta 90eko hamarkadetako abenturazko istorioen esentzia berreskuratzen dabe; edo Robotia, Diego Cagide eta Diego Lucero zuzendarien animazinoko film espainiarra. Biek eskola topaketak eta familia saioak izango ditue astegoienen.

Horrezaz gan, Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan, urriaren 2an eta 3an, goizez, animazino zinten inguruan ikastetxeakaz berbatutako saio bi izango dira.

Sarrerak salgai dagoz Golemen webgunean eta Zentroko zinema-leihatiletan 5 euroan, 4 euroan AZ txartelagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu