Zapatu honetan, irailaren 28an, Zeanurik XI. Gorbeia Suzien hartuko dau

Bizkaie! 2024-09-27 10:56   Kirola

Aurtengo Gorbeia Suzien Merrellek 32 eta 21 kilometroko urteroko lasterketa biei eusten deutse.

Aurtengoa ISF-k, Nazinoarteko Skyrunning Federazinoak, atontzen dauen Munduko Kopako probea izango da. Zirkuitua martiaren 2an hasi zan La Palmako Acantilados del Norte Skyrace lasterketeagaz eta Frantzia, Mexiko, Austria, Espainia, Thailandia, Portugal, Hego Korea, Malasia, Kanada, Peru, Suitza, Italia, Turkia eta Euskal Herria igaroko dituen 21 proba hartuko ditu. Lau kontinente, 13 herrialde, 21 proba.

Parte-hartzaileen artean, gizonezkoetan Roberto Delorenzi da liderra 17.916 puntugaz, Daniel Antonioli da bigarrena 14.480 puntugaz eta Lorenzo Beltrami hirugarrena 13.966 puntugaz. Emakumezkoetan, barriz, Hillary Gerardi da liderra 18.600 puntugaz, Karina Carsolio da bigarrena 16.840 puntugaz eta Oihana Kortazar hirugarrena 16.200 puntugaz.

Zemendiaren 16an Marató del Dements, munduko txapelketako finala, irabazteko lehian dabizen korrikalariak goizeko 9:00etan ekingo deutse Zeanuriko Plazan. San Justoko ermitan gora egin ondoren Gorbeiako parke naturalean sartuko dira. Aldatz gogorrak izango ditue hasierako tarte horretan. Zanburura heldu eta Lekanda ingurura helduko dira ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Arrabako zelaietarantz joko dabe. Arraba osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko dira eta hortik igongo dabe Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura bajauko dira, bertatik, azken igoera gogorrari helduko deutselarik. Han izango dabe zain Aldamin. Amaitzeko, jatsiera luze bati ekingo deutse Zeanuriko helmugara heldu arte, tartean igoera labur pare bati aurre egin ondoren. Danetaera, 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa dau Skyrace lasterketeak.

21 kilometroko lasterketeak 1.200 metro desnibel positiboa izango dau.

Boluntarioei eskerrak

Lasterketeak 300 voluntario inguru ditu eta lan handia egiten dabe. Horregaitik, eskerrak eman nahi ddeutsegu lasterketearen egunean, aurreko egunetan eta ondorengoetan Gorbeia Suzien aurrera eroateko egiten daben ahaleginagaitik.


Pagomakurrera autobus zerbitzua

Gorbeia Suzieneko atontzaileek irailaren 28an, zapatuan, Pagomakurretik Gorbeiara igon nahi dabenentzat autobus-zerbitzua jarriko dau doban Zeanuritik eta Areatzatik. Autobusek etenbako zerbitzua eskainiko dabe 07:00etatik 16:00etara.

Gorbeia Suzien zuzenean

Lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da telebistaz ETB1en. Teledeportek erreportaje berezia eskainiko dau. Horrezaz gan, streaming bidez be jarraitu ahal izango da lasterketea Gorbeia Suzieneko Youtubeko kanalean.

Babesleak

Merrell, Zeanuriko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eusko Label, Gorbeia Euskadi, OS20, 226ers...

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu