Javier Bardem: 'Mundua dagoan bezela, ez dago motiborik ospakizunerako'

Bizkaie! 2024-09-20 12:42   Zinemea

Gaur jasoko dau Javier Bardemek Donostia Saria.

Argazkia: Donostia Zinemaldia (Pablo Gomez). | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, barikua, hilak 20 hasi, eta irailaren 28ra arte izango da 72. Donostia Zinemaldia. Inaugurazino-galea Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok zuzendu eta aurkeztuko dabe, Kursaal Auditoriumeko agertokian, Barbara Goenaga aktoreagaz batera. El Terrat (The Mediapro Studio) gainerako zeremoniez be arduratuko da.

Ekitaldian, Audrey Diwanen Emmanuelle filmaren mundu-estreinaldiaren aurretik, interpreteen grebearen ondorioz Javier Bardemek igaz jaso ezin izan eban Donostia Saria jasoko dau; era berean, Yorgos Lanthimosen Poor things filmak Fipresci Sari Nagusia hartuko dau.

Bardemek aurkezpenan adierazo dauanez, mundua dagoan bezela, ez dago motiborik ospakizunerako. Hori bai, autortza handia eta oso gustura jasoko dauela aitatu dau.



Gaueko 21:00etan izango da Kursaal Auditoriumean. Ganera, TVEko La 2, RTVE play, ETB1, eitb.eus eta Zinemaldiaren webguneak zuzenean emongo dabe galea. Sarrerak agortuta dagoz.

Uriburura etorriko diran artisten artean ondoko honeek narbarmentzen dira: Pedro Almodovar, Cate Blanchett, Pamela Anderson, Monica Bellucci, Jamie Campbell Bower, Úrsula Corberó, Johnny Depp, Ester Expósito, Andrew Garfield, Karla Sofía Gascón, Isabelle Huppert, Noémie Merlant, Ángela Molina, Franco Nero, Lupita Nyong’o, Nahuel Pérez Biscayart, Charlotte Rampling, Will Sharpe eta Tilda Swinton.

Programazinoa

Gaur emongo dituen filmeen artean ondokoak dagoz: Emanuelle (Audrey Diwan), Conclave (Edward Berger) eta Soy Nevenka (Iciar Bollain) Sail Ofizialean; Dahomey (Mati Diop), Soundtrack to a coup (Johan Grimonprez) Zabaltegi-Tabakalera zikloan; Los Williams (Raul de la Fuente) Zinemiran; Poor Things (Yorgos Lanthimos) Fipresci Sari Nagusia; edo, Tiempo en silencio (Joan Lopez LLoret) eta Flores de cemento (Luismi Patinga) Made in Spain sailean.

Konsultau gaurko programazino osoa hemen.

Irailak 21

Marta Etura aktoreak Cate Blanchetti Donostia Saria emoteko galea aurkeztuko dau (arratsaldeko 19:15). Saria entregau ondoren, Rumours filma emongo da, Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu ondoren. Guy Maddinek eta Evan eta Galen Johnson anaiek zuzendutako filman, Blanchett Alemaniako kantzilerraren zereginean sartzen da, G7ko bilera batean anfitrioi-lanak eginez, krisi globalaren erdian.

Jaialdiaren programazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu