II. Gure Zinema Saria Ane Gabarainentzat izango da
2024-09-19 12:33 ZinemeaElena Irureta arduratuko da saria emoteaz.
Ane Gabarainek II. Gure Zinema Saria jasoko dau, bere ibilbide arrakastatsuagaitik eta euskal ikus-entzunezkoen sektoreari egindako ekarpenagaitik. Sari-banaketea, irailaren 27an izango da, Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoaren barruan eta Elena Irureta arduratuko da saria emoteaz. Euskal zinemako aktore handietako bat da Irureta, Gabarainen lankidea eta laguna.
Igaz, Cinco Lobitos filmak irabazi eban I. Gure Zinema Saria, Alauda Ruiz de Azua zuzendari eta gidoilariak jasoz garaikurra. Merezidutako saria, hiru Goya irabazi eta ikusle ugari eroan baitzituan zinema-aretoetara. Ganera, gidoilarien lana azpimarratzeko balio izan eban sariak. Aurton, barriz, Euskadiko zinemagintza sektoreko arlo guztietako talentua nabarmentzen joateko helburuagaz, epaimahaiak erabagi dau banakako ibilbide bat autortzea, Ane Gabarain aktore donostiarrarena hain zuzen be.
Gure Zinema orain urte bi sortu zan. Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreko eragileak batzen dituan plataformea da eta, aliantza horren bitartez, bertako zinemea indartu nahi dabe, baita ikusleei abantailak eskaini be. Plataformea Donostiako Zinemaldiaren 70. edizinoan jarri zan martxan.
Gure Zinemako kide dira Euskadiko produkzino-etxe alkarteak, EZAE, EiTB eta euskal zinemearen ganerako familiartekoak, baita jaialdiak, kultura-erakundeak eta alkarteak be; esaterako, aktoreena eta gidoilariena. Ganera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzinoa dau.
Ekitaldia Donostia Zinemaldiko Basque Country gunean egingo da, eta topagunea izan nahi dau kazetariakaz eta gainerako konbidaduakaz alkartetako, une lasai batez disfrutau eta estrategia partekatuak bilatzeko euskal ikus-entzunezkoen eragileen artean.
Ane Gabarain
Ane Gabarainek (1963, Donostia) Antzertin emon zituan lehen urratsak aktore lanetan. Holan, berrogei urte daroa etenbako lanean antzerkian, zineman eta telebistan. Telesail ospetsuetan parte hartu dau, Euskadin eta Estaduan, esaterako: Goenkale, Bi eta bat, Mi querido Klikowsky, Jaun ta jabe, Periodistas, 7 vidas edo Allí abajo telesailetan.
Sano garrantzitsua izan zan Patria telesailan egindako lana, bere antzezpen ikusgarriagaz publikoaren autortzea lortu eta Forque, Feroz eta Emmy nazinoarteko sarietarako izentau eben.
Film nabarmenetan be parte hartu dau, besteak beste, La comunidad (Alex de la Iglesia), 800 balas (Alex de la Iglesia), Loreak (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), Fe de etarras (Borja Cobeaga), La higuera de los bastardos (Ane Murugarren), Agur Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal) edo 20.000 erle-espezie (Estibaliz Urresola Solaguren) filmeetan; azken pelikula horretan, Feroz, Gaudi eta Goya sarietako izentau eben, Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenaren Goya eskuratuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!