'Irati' filmak irabazi dau X. EZAE Saria
2024-09-18 12:53 ZinemeaPaul Urkijo zuzendariak jasoko dau saria.
Donostia Zinemaldian emongo jako X. EZAE Saria Irati filmari, 2023an diru-batze handiena lortu eban euskal produkzinoa izateagaitik eta euskal zinemagintzeari egindako ekarpenagaitik. Horren erakusle dira nazinoartean egindako ibilbidea eta jasotako sariak.
Irati pelikulearen arrakastea, baita 20.000 erle-espezie filmarena be, oinarrizko faktorea izan zan igaz Euskadiko zinema-aretoetara ikusleak erakarteko.
Saria Paul Urkijo zuzendariak jasoko dau Euskal Zinemearen Gala Handian. Alfonso Benegas EZAEko presidenteak eskainiko deutso, Victoria Eugenia Antzokian, irailaren 24an.
2024ko datuak
Aurton, urtarrilaren 1etik irailaren 15era, 2.235.147 ikusle izan dira Euskadin. Igaz, ostera, denpora tarte horretan 2.621.072 lagun bertaratu ziran aretoetara; jatsierea, beraz, % 15ekoa izan da. Ganera, 15.392.951 euro batu dira euskal aretoetan, 2023an epe horretan lortutakoa baino 1.604.028 gitxiago. Kasu horretan, jatsierea % 9koa da.
EZAEk kezkagarritzat joten ditu datu horreek, beti esan baitau publikoak ondo erantzuten dauela zinema-aretoetan film erakargarriak dagozanean, arabere gehiago euskal pelikulak diranean. 2024ko hasieran, oraindino ez da Euskadiko produkzinorik izan EZAEren zinema-aretoetako Top 10 zerrendan eta egoera hori datozen hileotan aldatzea espero dabe, badatozen estreinaldiakaz. Nabarmentzekoa da, Irati eta 20.000 erle espezie filmek, bien artean, 2023 jasotakoaren % 6 lortu ebela.
Aurtongo ikusle kopuruaren jatsiereak 2023an lortutako susperraldia geldiarazo dau. Orduan % 46ko igoerea izan zan. Pandemia aurreko urteekaz alderatuta, 2022an ikusleen beherakadea % 43koa izan zan 2019agaz alderatuta; 2023an galera hori % 16ra ekartea lortu zan, baina 2024an, 2019agaz konparauta, ikusleen galerea areagotu egin da eta % 29ra heldu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!