Iñigo Llopisek bigarren dominea irabazi dau Parisen
2024-09-03 08:45 KirolaBrontzea, 4x100 estiloetako 34 puntukoan.
Iñigo Llopis ugerlaria gogor dabil Frantziako uriburuan egiten dabizen Jokoetan, izan be, jokatutako proba bietan metal bana lortu dau. Urrezkoa irabazi eban bere proba gogokoenean, bizkar estiloko 100 metrokoan eta orain, bigarren domina irabazi dau, taldekako lasterketa batean.
Donostiarrak badaki zer dan proba horretan dominak irabaztea, halanda ze, nazinoarteko beste hitzordu batzuetan be erdietsi ditu. Basque Team fundazinoaren bekea dauen kirolariak hirugarren postua bereganatuz barriro be saio ikusgarria egin dau, ugerlekuetan nazinoarteko izarretako bat dala erakutsiz.
Lehenga Nuria Marquések egin dau salto uretara, taldea hirugarren postuan jarteko, 1:10.08ko denporeagaz. Gero Oscar Salguerok hartu dau lekukoa. Katalanak ezin izan deutso erritmoari eutsi eta bosgarren postura bajau da. Hurrengo txandan, barriz, gipuzkoarrari esker, zidarrezko posizinoan jarri dira 3:25.54 denporea ezarriz. Sarai Gascon izan da uretara salto egin dauen azkena eta taldea podiumeko postuetan eustea lortu dau. Beraz, Espainiak 4:29.39ko denporea egin dau Australiaren (4:27.08) eta Holandaren (4:28.07) atzetik.
Beste alde batetik, Rakel Mateo paratriatroilariak hamargarren postuan amaitu dau eta Iker Sastre, barriz, mahai-teniseko banakako txapelkatako final-zortzirenetan kaleratu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!