Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok aurkeztuko dabe inaugurazino-galea

Bizkaie! 2024-09-03 08:00   Zinemea

Barbara Goenaga aktoreagaz batera.

Donostia Zinemaldiaren inaugurazino-galea Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok zuzendu eta aurkeztuko dabe, Kursaal Auditoriumeko agertokian, Barbara Goenaga aktoreagaz batera. El Terrat (The Mediapro Studio) gainerako zeremoniez be arduratuko da.

Andreu Buenafuentek adierazo dauanez, Donostiako neure oroitzapenak onak baino ez dira. Beraz, inaugurazino-galean parte hartzeko eskatu eustienean, eskerrak adierazotea besterik ez daukat, ganera, neure lagun Bertogaz izango naz.

Berto Romerok, barriz, ondokoa gehitu dau: Edozein atxaki ona da Donostiara joateko eta Zinemaldian parte hartzeko bada, gehiago. Ohore handia da. Badakit beste komiko bati deitu deutsiela, halanda be, joango naz.

Marta Etura aktoreak Cate Blanchetti Donostia Saria emoteko galea aurkeztuko dau (zapatua, hilak 21, arratsaldeko 19:15). Saria entregau ondoren, Rumours filma emongo da, Cannesko zinema-jaialdian ondoren. Guy Maddinek eta Evan eta Galen Johnson anaiek zuzendutako filman, Blanchettek Alemaniako kantzilerraren rola egin dau, G7ko bilera batean anfitrioi-lanak egiten dituana, krisi global batean egonik.

Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia Pedro Almódovar zinemagileari emongo jako eguenean, hilaren 26an, arratsaldeko 18:00etan. Ekitaldia Eneko Sagardoyk aurkeztuko dau eta zuzendari espainiarrak Tilda Swinton aktorearen eskutik jasoko dau saria.

Inaugurazino-galean, Audrey Diwanen Emmanuelle filmaren mundu-estreinaldiaren aurretik, interpreteen grebearen ondorioz Javier Bardemek igaz jaso ezin izan eban Donostia Saria jasoko dau; era berean, Yorgos Lanthimosen Poor things filmak Fipresci Sari Nagusia hartuko dau.

Amaierako galean, Itziar Ituñok eta Malcolm Treviño-Sitték aurkeztuta, sari banaketearen ostean, We Live in Time filma proiektauko da, John Crowleyk zuzendua eta Andrew Garfield eta Florence Pugh protagonista dituana.

Inaugurazino-galea barikuan izango da (hilaren 20an, gaueko 21:00etan) Kursaal Auditoriumean, eta TVEko La 2, RTVE play, ETB1, eitb.eus eta Zinemaldiaren webguneak zuzenean emongo dabe. Amaierako galea zapatuan izango da (hilaren 28an, 21:00etan). Cate Blanchetti eta Pedro Almodóvarri Donostia Saria entregetako ekitaldiak, barriz, ETB4, eitb.eus, La 2 eta RTVE Play plataforman emongo dira zapatuan (hilaren 21ean, 19:15ean) eta eguenean (hilaren 26an, 18:00etan), hurranez hurran.

Inaugurazino eta amaierako galarako sarrerak salgai dagoz, 80 euroan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan. Donostia Sariaren entrega-ekitaldietarako txartelak, 50 eurokoak be erosi ahalko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu