Badator XVII. Animadeba Jaialdia

Bizkaie! 2024-09-02 13:19   Zinemea

Irailaren 4tik 7ra bitartean.

'Slocum et moi' filmea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Animadeba, Animazinoko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiak XVII. edizinoa egingo dau, 2024ko irailaren 4tik 7ra bitartean.

Aurkezpenean izan dira Aitor Oñederra jaialdiaren zuzendaria; Vanesa Fernández, EITB Hedabideko Kultura eta Euskera zuzendaria; Alazne Txurruka, Debako alkatea; Ainhoa ​​Urbieta, Debako Kultura zinegotzia; eta San Telmo Museoko arduraduna.

EITB Gaua: Euskal Herriko animazino-filmei autortza berezia

Aurton, lehen aldiz, irailaren 6an, barikua, 22:00etan Kutxa Zurian EITB Gaua galea izango da. Ekitaldi horrek Euskal Herriko animazino zinema ikusarazo eta saritu nahi dau. Isabel Herguera zinemagile donostiarra izango da EITB Saria saria jasotzen lehena. Galean, El Sueño de la Sultana film luzea eta La Mujer Ilustrada bere azken laburmetraia proiektauko dira.

Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketea

Jaialdiak 83 herrialdetako 1.200 film labur jaso ditu, eta horreetatik 22 aukerau dira lehiatzeko. Hamar film laburrek hartuko dabe parte Sail Ofizialean, tartean Euskal Herriko Uniko produkzino-etxearen To bird or not to bird lana. EHUko Zuzendari Barriak atalean beste hamar film labur lehiatuko dira, euren ibilbidea hasi barri daben zinemagileen talentua erakutsiz.

Proiekzinoak

- I. Sail Ofiziala: Irailak 6, barikua, 19:00etan (Kutxa Zuria, Deba).

- II Sekzino Ofiziala: Irailak 7, zapatua, 19:00etan (Kutxa Zuria, Deba).

- EHUko Zuzendari Barriak:

  • Irailak 5, eguena, 19:00etan (Kutxa Zuria, Deba).
  • Donostiako San Telmo Museoan: irailak 3, martitzena, 18:00etan.

Zinemeaz gan, Animadeban zehar musikea eta era askotako emonaldiak izango dira. Ekitaldi aitagarrienen artean, irailaren 4an, eguaztena, 20:00etan izango dan Esanezin taldearen kontzertua eta irailaren 7an, zapatua, barriz, 22:00etan Anari izango da. Horrezaz gan, zapatuan 20:00etan Albina Stardust eta Divina Comendiaren eskutik bingo ekitaldia egingo da.

Animadeba, Debako Udalak hasieratik bultzatuta, babesa irabazi dau urtez urte eta ezinbesteko hitzordu bihurtu da animazinoaren panoraman Euskal Herrian. Animadeba ikusleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten arteko topagunea da.

Informazino gehiago eta programazinoa hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu