Iñigo Llopisek urrea irabazi dau 100 metroko bizkarreko proban
2024-09-02 07:57 KirolaPariseko Paralinpiar Jokoetan.
Iñigo Llopis gipuzkoarra, txapeldun paralinpiko izentau dabe Parisko La Defense Arenan, 100 metroko bizkarreko proban (S8 klasea). Bigarrena, Kota Kubota japoniarra (1:07.03) izan da eta hirugarrena, barriz, Mark Malyar israeldarra (1:07.42).
Euskaldunak ez deutse kontrakoei aukerarik emon eta nagusitasunez irabazi dau bigarren dominea, izan be, orain hiru urte zidarra irabazi eban.
Ugerlariak 17 urtegaz egin eban debuta 2016ko Rioko Joko Paralinpikoetan, 50 eta 100 metroko probetan eta 200 estilokoetan, baina ez eban finaletarako sailkatzea lortu. Tokion, barriz, zidarrezko dominea irabazi eban bizkar estiloko 100 metrokoan eta laugarren postua 4×100 metroko erreleboetan. 2018an Dublingo Europako Txapelketea jokatu eban, urrezko dominea eskuratuz estilo libreko 400 metrokoan eta zidarrezko bi, estilo librean eta bizkar erako 100 metrokoetan.
Hurrengo urtean, Londreseko Munduko Txapelketan, brontzezko dominea eskuratu eban bizkar estiloko 100 metroko proban. 2022ko Madeirako (Portugal) Europako Txapelketan, Iñigo txapeldun kontinentala izan zan bizkar estiloko 100 metroko proban, eta hirugarren estilo libreko 400 metrokoan.
Aurton, apirilean hain zuzen be, Europako Txapelketan, urrea eskuratu dau bizkar erako 100 metroko S8 mailan eta brontzea tximeleta estiloko 100 metrokoan S8 proban, baita 4 × 100 libreko 34 puntukoan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!