Pedro Miguel Etxenikek 'El secreto de la naturaleza' aurkeztuko dau

Bizkaie! 2024-09-02 09:57   Zinemea

Zientziaren eta edertasunaren inguruan dituan hausnarketei buruzko dokumentala.

Euskadiko Filmategiak EHUko Kultura Zientifikoko Katedragaz batera programau dau El secreto de la naturaleza (Jose Antonio Perez Ledo, 2018) dokumentala, Pedro Miguel Etxenikek zientziaren eta edertasunaren inguruan egindako gogoeten ingurukoa.

Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza sailburuak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztuko dabe filma eta Tabakaleran (Donostian) proiektauko da, datorren eguenean, irailaren 12an (19:00). Ondoren, fisikari nafarra alkarrizketauko dau Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak.

Filma Euskal Herriko Unibersidadeko Kultura Zientifikoko Katedrak eta K2000k produzidu dabe. Filmak Etxenikeren bizitzea eta obrea adierazoten ditu, eta zientziaren eta edertasunaren inguruko gogoetak partekatzen ditu. Holan, fisikariak galdera estetiko bi ditu abiapuntu: Edertasuna benetako irizpidea al da? Zer da edertasuna zientzian?.

Pedro Miguel Etxenikek autorpen asko jaso ditu, esaterako, Ikerkuntza Euskadi Saria 1996an, Fisikako Max Planck Saria 1998an eta, urte berean, Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Asturiasko Printze Saria. Ekarpen garrantzitsuak egin ditu ioi-materia interakzinoen arloan eta mikroskopia elektronikoan eta tunel efektuko mikroskopian elektroiek daben energia-galeren arloan. Egun, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) katedradun emeritua eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea da. Urtero, Euskadiko Filmategiak, DIPCk eta Donostia Zinemaldiak atontzen daben Zinema eta Zientzia zikloari hasierea emoten deutso.

Emonaldirako sarrerak salgai dagoz hemen eta, fisikoki, Tabakalera eraikinaren informazino-gunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu