'El hoyo 2' filmak emongo deutso amaierea Culinary Zinema sailari
2024-08-28 12:35 ZinemeaLau film lehiatuko dira Culinary Zinema saria eskuratzeko.
Paco Plaza zinemagileak Mugaritz jatetxeko lan-prozesuari eta sormenari buruz dauen begiradea; sukaldari japoniar ospetsu baten esperientzia Parisko jatetxe batean; Japonia iparraldeko kultura gastronomikoari buruzko ez-fikzino bat; gaztearen zahartzearen esanahiari buruzko dokumentala: eta Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo 2 lana dira Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoko Culinary Zinema saileko menuak. Lehenengo lau filmek Culinary Zinema Saria irabazteko lehian ibiliko dira (10.000 eurokoa) eta El hoyo 2 filmak emongo deutso amaierea, lehiaz kanpo, sailari.
Culinary Zinema aurkeztu dabe gaur goizean, Tabakalerako LABe Digital Gastronomy Laben, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek.
Hilaren 23an (astelehena), Mugaritz. Sin pan ni postre filmak hasierea emongo deutso sailari Victoria Eugenia Antzokian. Verónica (Made in Spain 2017) eta La abuela (Sail Ofiziala 2021) filmen zuzendari Paco Plazaren (Valentzia, 1973) proposamena alor gastronomikotik harago doa. Ikus-entzulea Andoni Luis Adurizen, sormen eta entzute handieneko nazinoarteko chefa, jatetxean pasetan dan berrasmatze-prozesuaren lekuko izango da.
Grand Maison Parisen, Ayuko Tsukahara zinemagileak (Saitama, 1974) sukaldari japoniar baten istorioa kontetan dau: Frantziako gastronomia oso gogoko izanik, argiaren urian jatetxea edegi eta hirugarren Michelin izarra lortzeko sufridu egingo dau. Filman agertzen diran platerrak Kei Kobayashik diseinau ditu, Parisen hiru Michelin izar jaso dituan lehen chef asiarrak, hain zuzen be.
Kita no syokukei da Tetsuya Uesugik (Sapporo, 1983) zuzendutako lehen film luzea. Japoniako iparraldeko kultura gastronomiko aberatsaren inguruan lan egiten daben lau chefen eguneroko bizitzearen jarraipena egiten jake pelikulan, bereziki Hokkaido ugarteari eta hango komunidadeari.
Tribecako zinema-jaialdiko dokumentalen sailean hautatua izan ondoren, Shelf Life Culinary Zinema sarirako lehiatuko da. Ian Cheney (Boston, 1980) zuzendariak gazteari buruzko tratadu berezia egiten dau, munduko hainbat herrialdetan, produktu mitiko horren garrantzia berresteko.
Lehen zatiaren arrakasta globalaren ondoren, Galder Gaztelu-Urrutiak (Abadiño, 1974) El hoyo 2 zuzendu dau, Milena Smit eta Hovik Keuchkerian izanik protagonista nagusiak. Lider misteriotsu batek El hoyon bere legea ezartzen dauen heinean, maizter barri batek elikadura-sistemea basati horren kontra egingo dau.
Afari tematikoak
Saileko bost filmekaz batera afari tematikoak egingo dira irailaren 23tik 27ra Basque Culinary Centerren. Emonaldi eta afarietarako sarrerak datorren barikuan (abuztuaren 30a) jarriko dira salgai, 10:00etan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez.
Sarreren prezioa 80 eurokoa da, El hoyo 2 pelikulearen kasuan izan ezik: koktel-formatuan izango dana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!