Bilboko kanposantua zinema agertoki bihurtuko da

Bizkaie! 2024-08-28 08:00   Zinemea

Film Laburren lehen lehiaketeari esker.

Bilboko kanposantua zinema-agertoki bihurtuko da irailaren 20ko asteburuan, Bilbao Zerbitzuak-ek 2024 kultura-agendearen barruan atondu dauen Film Laburren I. Lehiaketeari esker.

Helburua, kanposantuko filmaketa-espazioak ezagutarazotea da eta zinemearen bidez sustatzea. Kanposantua uriaren isla da, bake-gunea, istorio garrantzitsua dauena eta orain parte-hartzaileek aurkezten dituen ikus-entzunezko kontakizunen parte izango da.

Film laburren istorioak bertako errealidadea normalizetan eta eguneroko bizitzan integretan lagundu beharko dau. Heriotzeari buruzko tabu sozialak zeharka begirarazoten gaitu, baina hildakoei laguntzen deutsagun lekua besterik ez da, hilten garenean bateren bat geugaz egotea espero dogun tokia. Holan, helburua da jentearen oroitzapenez betetako lekua aldarrikatzea, gordetea eta baloretea, nabarmendu dau Alvaro Perez Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Zinegotzi Ordezkariak.

Parte hartu nahi daben taldeek, gehienez 5 lagunek, gaur hasi eta irailaren 19ko eguerdiko 12:00ak arte emon ahal izango dabe izena Bilbao Zerbitzuak web orrian, ganera, lehiaketearen oinarriak bertan konsultau daitekez. Film laburrak euskeraz, gaztelaniaz edo elebidunak izan daitekez eta irailaren 26ko 12:00ak arte aurkeztu ahal izango dira info@zbk.bilbao.eus helbidera bialduz.

Sari bi eta Accesit bi

Lehiaketeak 1.000 euroko lehen saria eta 500 euroko bigarren saria izango ditu. Horreezaz gan, 18 urtetik beherako parte-hartzaileentzat, accesit bat emongo jake Gazte Zuzendaritza onenari eta beste bat herritarrek gehien bozkautako obreari. Sari biak 200 eurokoak izango dira eta ekitaldi publikoan banatuko dira, irailaren 27an, arratsaldeko 19:00retan.

Saritutako film laburrak Bilbao Zerbitzuak enpresearen jaubetzakoak izango dira eta arte bildumearen parte izango dira.

Horrezaz gan, musikea be izango da kanposantuan irailaren 20ko asteburuan, Iñaki Bermudez saxofonistearen kontzertu klasikoagaz. Ekitaldia irailaren 21ean izango da, 12:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu