Yorgos Lanthimosen 'Poor Things' filmak jasoko dau Fipresci Sari Nagusia

Bizkaie! 2024-08-26 12:20   Zinemea

Zuzendari greziarrak lehen aldiz jasoko dau errekonozimentu hori.

Yorgos Lanthimosek zuzendutako Poor Things filmak Fipresci Sari Nagusia irabazi dau, Fipresci Zinema Kritikarien Nazinoarteko Federazinoko kideek 2024ko pelikularik onen bezala hautatua izan ondoren. Bozketean, mundu osoko 791 kritikarik hartu dabe parte eta produkzino britainiarra aukerau dabe 2023ko garagarrilaren 1etik aurrera estreinautako pelikula guztien artean.

Beste lau finalistak ondoko honeek izan dira: Radu Jade zuzendariaren Nu astepta prea mult de la sfârsitul lumii; Aku Wa Sonzai Shinai (Ryusuke Hamaguchi, Perlak, 2023); Andrew Haighen All of Us Strangers; eta Mohamad Rasoulofen Daney anjir maabed (Perlak, 2024).

Poor Things 2023an estreinau zan Veneziako zinema-jaialdian, eta film onenaren Urrezko Lehoia eskuratu eban. Golardoa nazinoarteko ibilbide bikain baten hasierea izan zan eta, esaterako, Golden Globe bi, bost Bafta Sari, Oscar sarietarako hamaika izentapen eta lau sari jaso ditu (besteak beste, emakumezko aktore protagonista onenaren saria Emma Stone aktorearentzat).

Fipresci Sari Nagusia irailaren 20an banatuko da Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoaren inaugurazino-galean. Egun horretan bertan, filmearen emonaldia programau da (ordu zehatza irailaren 9an iragarriko da).

Sortu ebenetik (1999an) hainbat zinemagilek jaso dabe Fipresci Sari Nagusia, esaterako ondoko honeek: Maren Ade, Pedro Almodóvar, Paul Thomas Anderson, Alfonso Cuarón, Jean-Luc Godard, Ryusuke Hamaguchi, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Cristian Mungiu eta Chloé Zhao. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu