Txistulari Bandeak amaiera itzela emongo deutso Aste Nagusiari
2024-08-21 08:51 MusikeaDomekan, hilak 25, 13:00etan izango da ekitaldia.
Betiko lez, Txistularien Alardea, Aste Nagusiko musika hitzordu parebako eta handienetako bat bihurtu da. Bilboko Jaietako Unidadeak eta Udal Txistulari Bandeak atonduta, Aste Nagusiko azken domekan izango da txistularien kontzertu nagusia Plaza Barrian, abuztuak 25ean, 13:00etatik aurrera.
Euskal Herri osotik eta, bereziki, Bizkaitik etorritako txistulariek hartuko dabe parte domekako alardean. Horreekaz batera, San Antón Abesbatza, Oinkari Jantza Taldea, Metal boskotea, Iñar Sastre teklatuan, Iñigo Eskubi gitarrean, Gorka Eskauriza baxuan, Ander Zulaika baterian, Martín Ariztimuño gaitean eta Roberto Etxebarria trikitixan ibiliko dira. Guztiak, Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren esanetara.
Horreezaz gan, Kilimak taldeko hiru partaide izango dira: Agustin Garmendia, Ione Zozaya eta Imanol Iribarren. Euren eskutik runba doinu jantzagarriak entzungo dira, esaterako: Kontakatilu, Aske maite eta Gatza. Euskal Herriko taldeak alaitasuna aldarrikau nahi dau, gorputzea jantzan jartzeko eta rumbea euskeraz disfrutetako.
Txistularien Alardea, Aste Nagusiko ikuskizunik jendetsu eta herrikoienetako bat da Bizkaiko Txistularien Alkarteko Bilboko Ordezkaritzeak Arenalean antontzen eban garaitik.
2005. urteaz geroztik, Bilboko Udal Txistularien Bandea da ikuskizun horren arduraduna, eta hainbat artistak parte hartu dabe bertan, esaterako, Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Gozategik, Zigor Sagarnak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!