Johnny Deppen filmak, lehiaz kanpo hartuko dau parte Sail Ofizialean
2024-08-20 12:40 ZinemeaModi - Three Days on the Wing of Madness izenekoa.
Johnny Deppek zuzendutako bigarren film luzeak, Modi - Three Days on the Wing of Madness, lehiaz kanpo hartuko dau parte Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoko Sail Ofizialean, eta Thierry Frémauxen Lumière!, l'aventure continue dokumentala izango da Emonaldi Berezian sailean. Ganera, Bagger Drama Piet Baumgartnerren bigarren film luzeak eta Min Evige Sommer Sylvia Le Fanuren estreinaldiak New Directors saila osotuko dabe.
Modi - Three Days on the Wing of Madness lanagaz, Johnny Depp film-zuzendaritzara bueltau da. The Brave (1997) filmagaz egin eban debuta errealizadore bezela, eta 2021ean, Donostia Zinemaldiak Donostia Saria emon eutson. Riccardo Scamarciok Amedeo Modigliani artista bohemiarraren papela egin dau Deppen pelikulan eta Stephen Graham, Al Pacino eta Antonia Desplatek osotzen dabe aktore-zerrendea. Filman artea, maitasuna eta gitxiespena jorratzen ditu zuzendariak, Gerra Handiak urratutako Paris uriko kale eta tabernetan jazotako 72 ordu sutsutan oinarrituta.
Thierry Frémaux (Tullins, 1960), Cannesko zinema-jaialdiko ordezkari nagusia eta Lumière Institutuko zuzendaria, Donostiara bueltauko da Lumière!, l'aventure continue lana aurkeztera. Filmari jagokonez, Frémauxek pasinoz eta umorez sartzen deusku zinemearen sortzaileen unibersoan.
Sail Ofizialean Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Querer telesailak be parte hartuko dau lehiaz kanpo eta Emonaldi Berezien barruan Paula Ortizen La virgen roja film luzea eta Javier Giner eta Elena Trapék zuzendutako Yo, adicto telesaila sartuko dira.
New Directors sailak hamabi obra batuko ditu
Piet Baumgartner suitzarrak (Dieterswil, 1984) Alle Werden (2011), Elite (2013) eta Inland (2015) film laburrak eta 2023an zuzendu eban bere lehen film luzea: The Driven Ones dokumentala, Züricheko zinema-jaialdian aurkeztua. Bagger Drama filman alabea istripu batean hilten danean egonkortasuna galduko dauen familia baten istorioa kontetan dau.
Sylvia Le Fanu (Londres, 1990), jatorri britainiarreko zuzendari daniarra, Min Evige Sommer produkzino daniarragaz estreinau da film luzeen zuzendaritzan. 15 urteko neska gazte bat da protagonistea eta ama agurtzen igaro behar dau udea gaixotasun terminala izanik, familia osoa udako etxean alkarregaz egon nahi dauelako amak. Le Fanuk Clermont-Ferranden, Indy Shortsen, Odensen eta beste hainbat jaialditan aurkeztu izan ditu bere film laburrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!