'Go!azen' telesailaren denporaldi barria Belodromoan estreinauko da

Bizkaie! 2024-08-19 12:40   Zinemea

Sarrerak bihar, hilak 20, jarriko dira salgai hemen.

Belodromoak Celeste telesailaren eta Go!azenen hamaikagarren denporaldiko lehen atalaren estreinaldiak hartuko ditu Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoan, baita Marco eta Sail Ofizialaren amaierako filma be, oraindik iragartzeke. Ganera, 3.000 lagunentzako edukiera dauen auditoriumean Euskadiko Orkestragaz eta SGAE Fundazinoagaz batera atondu ohi dan Kontzertua & Proiekzinoa egingo da, baita Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko saioak be.

Diego San José (Irun,1978) Celeste telesailaren sortzailea da; sei kapitulukoa, Elena Trapék (Barcelona, 1976) zuzendu dau eta osorik emongo da Belodromoan irailaren 22an (domeka) 18:00etan. Ogasuneko ikuskatzaile batek (Carmen Machik antzeztua), erretiratzear dagoala, enkargu bat jasoko dau: musika latinoamerikarreko izar batek Ogasunari iruzur egin deutsola frogau beharko dau. Trapé New Directorsen lehiatu zan Blog-egaz (2010) eta Les distàncies (2018) lanari esker, sari ugari jaso zituan, esaterako, zuzendari onenaren Urrezko Biznaga Málagan. Aurton, ganera, beste telesail bat aurkeztuko dabe: Yo, adicto, Javier Ginerregaz batera zuzendua. San Joseri jagokonez, Vota Juan, Vamos Juan eta Venga Juan telesailak sortu eta Pagafantas (2009), No controles (2011), eta Fe de etarras (2017) filmak idatzi ditu Borja Cobeagagaz batera.

Bestalde, irailaren 27an (barikua), Go!azen telesailaren hamaikagarren denporaldiko lehen atala aurkeztuko da Belodromoan 18:30ean eta, betiko lez, emonaldiaren aurretik protagonisten zuzeneko batez disfrutau ahalko dabe ikus-entzuleek. Itziar Gomezek (Errenteria, 1964) zuzendu dau Basakabi udalekuan kokatutako abentura musikalen emonaldia. Ohiko interpreteak agertuko dira bertan, aktore barriez gan, esaterako Sara Cozar.

Zinemaldiaren azken egunean, irailaren 28an, Belodromoan amaierako galearen zuzeneko emonaldia egingo da. Gala horren aurretik, 18:45ean, Perlak sailari lehiaz kanpo amaierea emongo deutson filma proiektauko da, Marco, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean programauta. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako filmak Eduard Fernandez dau protagonista eta Enric Marcoren benetako istorioa kontetan dau. Euskal zinemagileek Donostiako Sail Ofizialean parte hartu eben Loreak (2014), Handia (2017) eta La trinchera infinita (2019) lanekaz.

Belodromoko emonaldietarako sarrerak 8,75 euro balio dau, Zinemaldiaren amaierako ekitaldikoak izan ezik (15 €), eta bihartik aurrera (abuztuaren 20a, 10:00etan) erosi ahalko dira hemen.

Kontzertua & Proiekzioa eta Ikastetxeak Belodromoan

Aitatutako emonaldiez gan, Belodromoak Euskadiko Orkestragaz eta SGAE Fundazinoagaz batera atondutako Kontzertua & Proiekzinoa be hartuko dau, irailaren 21ean (zapatua), 18:00etan. Ikuskizunak soinu-banden interpretazino sinfonikoa eta horreek inspirau ebezen film-eszenen muntaketa batzen ditu. Sartzea doban da, baina jagokion konbidapena jaso beharko da, irailaren 14tik 20ra Donostia Zinemaldiak Kursaal eraikinean eskuragarri izango dauen informazinogunean, Donostia Turismo bulegoan (Boulevard) eta Belodromoko kontzertuaren egun berean.

Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko agertokia be izango da Belodromoa, 6-11 urteko milaka umeri zinema eta zientzia lotzen dituan pelikula baten emonaldia ikusteko aukerea emoten deutsena. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak batera atondutako saio horreen medioz, zientziaren irudi positiboa helarazo nahi jake lurraldeko ikasleei, baita uriak ikerketa zientifikoagaz lotura sendoa dauela erakutsi be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu