Pedro Almodovarrek Donostia Saria jasoko dau

Bizkaie! 2024-08-14 13:31   Zinemea

Irailaren 26an, Kursaal Auditoriumean.

Pedro Almodovar zuzendari, gidoigile eta produktoreak Donostia Saria jasoko dau irailaren 26an Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoaren barruan.

Zinemearen munduari egindako ekarpen bikaina autortu nahi jako eta entrega-ekitaldia Kursaal Auditoriumean izango da, zinemagilearen azken filma, La habitación de al lado, emon aurretik. Zuzendariaren lehen filma da ingelesez, Tilda Swinton eta Julianne Moore ditu protagonista eta Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizinoan lehian ibiliko da Urrezko Lehoia eskuratzeko. Hain zuzen be, Swintonek emongo deutso saria oholtza gainean.

Almodovarrek ibilaldi luzea egin dau zinemagintzan: hamar film labur baino gehiago, esaterako, La voz humana (2020) eta Extraña forma de vida (2023) eta ia hogeita hamar film zuzendu ditu, 170 sari baino gehiago jasoz. Autorpenen artean, nabarmentzekoak dira Oscar sari bi, Golden Globe bi, Europako Zinema Akademiaren zazpi golardo, bost Bafta, lau César, bost Goya eta David di Donatello bi. Cannesen, Berlinalen, Venezian eta Donostia Zinemaldian golardoak jasoteaz gan, Moman autortua izan da Almodóvar eta Jean Renoir Sariaz errekonozidu da, David Lean Lecturerako hautatu da eta honoris causa doktore izentau dabe Harvard eta Oxfordeko unibersidadeetan, baita Estadu Batuetako Arte Ederren Urrezko Medaila, Espainiako Arte Ederretako Merituaren Domina, Arteen Asturiasko Printzea Saria eta Ohorezko Legioaren Zaldun Ordena Nazinonala (Frantzia) be.

Artistearen zinemea gailendu egiten da emakumezko pertsonaien idazketeagaz, aktore-zuzendaritzeagaz, LGTBIQ+ unibersora, erlijinora, sexura, adikzinoetara, oroimen historikora eta beste hainbat gaitara hurreratzen dauen ausardiagaz eta erakutsitako konpromiso politikoagaz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu