Montxo Armendarizen 'Tasio' filmak inaugurauko dau Klasikoak saila

Bizkaie! 2024-08-14 08:55   Zinemea

Irailaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian.

Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailak ondoko lan honeen bersino zaharbarrituak emongo ditu: Montxo Armendárizen Tasio, saila inaugurauko dauena; Bigas Lunaren Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho; Jane Campionen The Piano; Tseng Chuang-Hsiangen Sha Fu; José Antonio Nieves Conderen Surcos; eta Niki de Saint Phalleren Un rêve plus long que la nuit.

Atzerabegirakoez gan, Donostia Zinemaldiak zinema unibersalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik. Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoan, Tasio (Montxo Armendáriz, 1984) filmak, Klasikoak saila inaugurauko dau Victoria Eugenia Antzokian hilaren 21ean, zinema klasikoko jaialdi ospetsuenetan hautatua izan ondoren: Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics-en, Boloniako Cinema Ritrovaton eta Lyongo Lumière jaialdian, hain zuzen be.

Kataluniako Filmategiagaz lankidetzean, Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho (Bigas Luna, 1978) be berreskuratuko da; zinemagile katalanaren lehen film luzea Manuel Vázquez Montalbánen izen bereko elebarrian oinarrituta dago, izan be, elebarrigileak filmearen gidoian parte hartu eban Bigas Luna eta Josep Ulloagaz batera. Film horrek itxiko dau saila. Carlos Ballesteros, Pilar Velázquez eta Mónica Randall protagonista dituan intrigan, Vázquez Montalbánek sortutako detektibe ospetsuak gizon gazte baten heriotza ikertuko dau. Biktimearen gorpua Bartzelonako hondartza batean agertu da, esaldi bat tatuatuta dauela besoan: Infernua iraultzeko jaio naiz.

Horreezaz gan, Lyongo Institut Lumière erakundeagaz lankidetzean, Jane Campion errealizadore zeelandaberritarraren garaiko film ikoniko baten bersino zaharbarritua be emongo da: The Piano (1993), 90eko hamarkadan inpaktu handia izan ebana. Filmea, Thierry Frémaux-ek, Institut Lumièreko zuzendariak, aurkeztuko dau eta Cannesko zinema-jaialdiko Urrezko Palma irabazi eban, baita hiru Oscar be (gidoi onenaren sariaz gan, emakumezko aktore onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak Holly Hunterri eta Anna Paquini, hurranez hurran). The Power of Dog (Perlak, 2022) filmearen zuzendariak pianista mutu baten istorioa kontatzen dau.

Sha Fu (Tseng Chuang-Hsiang, 1984) be batu da hautaketean, 80ko hamarkadako zinema taiwandarraren olatuaren klasikoa. Tseng Chuang-Hsiangek (Guandong, 1947) zuzendu eban Li Ang egilearen The Butcher’s Wife elebarriaren egokitzapena. Japoniak Taiwan okupau ebaneko garaian girotua eta benetako jazoeretan inspiratua.

Zinemea espainiarraren beste klasiko bat programauko da Klasikoak sailean, Videomercurygaz lankidetzean: Surcos (José Antonio Nieves Conde, 1951), nazinoarteko kategoriako lehen film espainiarra, José María García Escudero historialariaren berbetan. Bertan, landa-eremutik urira migratu dauen familia batek bizitza barri bati ekin beharko deutso, hobetzeko itxaropenez.

Un rêve plus long que la nuit (1976), Niki de Saint Phalleren bigarren eta azken filma da. Filma zuzentzeaz gan, margolari, eskultore eta zinemagile frantziarrak egiten dau protagonistearen rola. Printzesa batek helduen bizitzarako iragaitea esperimentauko dau, patriarkatuaren eremu minatua zeharkatuz, testuinguru fantasmagoriko eta surrealista batean.

Azken bost urteotan, Klasikoak sailak hainbat film programau ditu, esaterako ondoko honeek: Akai Tenshi (1966), Yasuzo Masumurarena; Principio y fin (1993), Arturo Ripsteinena;  Érase una vez... (1950), Alexandre Cirici Pellicer eta Josep Escobarrena; Festival en las entrañas (1963-1965) José Val del Omarrena; Nueve cartas a Berta (1966), Basilio Martín Patinorena; Fúria espanyola (1975), Francesc Betriurena; Manicomio (1953), Fernando Fernán-Gómez eta Luis María Delgadorena; Sátántangó (1994), Béla Tarrena; eta Lumière! L'aventure commence (2016), Thierry Frémauxena.

2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak denporean eta espazioan hedatutako film klasikoen emonaldiak bultzau ditue, hiru ziklotan biatuta: Filmategiak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan udabarrian programatzen ditu hamabi film zaharbarritu; oraintsu iragarritako sei filmak irailean emongo dira Zinemaldiaren esparruan; eta, azkenik, joan dan astean iragarritako atzerabegirakoa, poliziesco generoari buruzkoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu