'Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra' zikloak , 22 film batuko ditu

Bizkaie! 2024-08-09 13:15   Zinemea

Istituto Italiano di Cultura erakundeagaz alkarlanean atondu da.

Guztira, 1943tik 2023ra bitartean estreinautako 22 film luzek osotuko dabe Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoko atzerabegirakoa. Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenez, poliziesco izenekoaren panoramika osoa eskainiko dau zikloak. Horrezaz gan, Felipe Cabrerizo historialariak idatzitako liburu monografikoa argitarauko da; Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideagaz batera, atzerabegirakoaren koordinatzailea da Cabrerizo. Istituto Italiano di Cultura erakundeagaz alkarlanean atondu da zikloa.

Faxismoak zinema kriminalari ezarritako zentsura zorrotza gorabehera, Luchino Viscontik Ossessione filmagaz emongo deutso hasierea zinema italiarraren historia oso-osoan zehar presentzia izan dauen generoari. Haren eraginpean aztertuko ebezen Mario Soldatik eta Fernando Cerchiok gerrak Italiaren egiturean itxitako ondorioak eta, Pietro Germi edo Luigi Zampa be bultzauko zituan haren influentziak, sare kriminalen fenomeno hazkorraren tratamendua zorroztasunez egiteari jagokonez. Bestalde, komediak be egin dira horren inguruan, esaterako Mafioso (Alberto Lattuada, 1962, film onenaren Urrezko Maskorra Donostia Zinemaldian).

Horri esker, poliziescoak bide barri bati ekin eutson, boom ekonomikoaren kolapsoari eta 1968ko gertakizun iraultzaileen ondoren Italian sortutako gizartea haztatzean zentrautako bide bati, hain zuzen be. Damiano Damianik Il giorno della civetta (1968) filmagaz Mafiaren arazoari buruzko prisma soziologiko barria edegiko eban eta, Carlo Lizzaniren zinemearen arrastoari helduz, Elio Petrik bide politiko hori puntu gorenera eroango eban Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto (1969) filmagaz eta, atzerriko film onenaren Oscar sariak berretsi eban ahalegina. Holan, panoramea aberastuz joan zan, poliziescoa Italiako zinemagintzearen oinarri bihurtzeraino; izan be, star system osoa egituratzeko gai izan zan generoa, hainbat aktore garrantzitsuekaz: Tomas Milian, Franco Nero, Fabio Testi, Gian Maria Volonté, Maurizio Merli, Claudia Cardinale edo Giuliano Gemma (zikloaren kartelaren protagonista).

Terrorismoa agertu zanean, bestalde, ezkutuko gerra zibila piztu zan Italian eta horren arira La polizia ringrazia (1972) filma egin zan, Stefano Vanzinarena. Pelikula horrek Zuzendari Onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban Donostia Zinemaldian. Beraz, polizia-generoa bizibarritu egin zan genero puruko parametroei jarraituz, 70eko hamarkadako B zinemearen jazoera gogoangarri bihurtzeraino. Aurreretxirik gabeko zuzendariei esker; esaterako, Umberto Lenzi eta Pasquale Squitieri.

Urteak blokeauta emon ondoren, generoa ezin hobeki barpiztuko zan Gomorra filmagaz (Matteo Garrone, 2008); izan be, milurteko barriko zinema italiarrerako ezinbesteko pieza bihurtu zan pelikula, generoari lehen mailako protagonismoa emoteaz gan. Zuzendariaren mozketa barri batean emongo da Gomorra, 4K formatuan.

Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak denporean eta espazioan hedatutako film klasikoen emonaldiak sustatu ditue, hiru ziklotan batuta: Filmategiak Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan programau zituan udabarrian hamabi film zaharberritu; Klasikoak sailean sei film emongo dira; eta, oraintsu aitatuko atzerabegirakoa egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu