'Chefo' Basterra eta Rafa Vilallongaren selekzinoak agur esan deutso brontzeari

Bizkaie! 2024-08-09 08:35   Kirola

Carlota Cigandak, barriz, 47. postuan amaitu dau eguna.

Basque Teameko bekadunak diran Chefo Basterra eta Rafa Vilallongaren belar-hockeyko taldeari brontzezko dominak iges egin deutso Parisen, izan be, Indiaren kontra, 2 eta 1 galdu dabe.

Espainiak, 2008ko Beijingetik lortzen ez eban domina olinpiko baten bila egoana, abantaila hartu dau 18. minutuan Marc Mirallesen golari esker. Halanda be, Indiak bardindu egin dau 30. minutuan eta gero, 33.ean, Harmanpreet Singhek berak aurreratu dau taldea markagailuan.

Azken laurena erritmo biziagaz hasi da, izan be, Espainia golaren premian egoan. Basterra eta Vilallongaren taldea saiatu da, baina eraginkortasunik ez izatea izan da neurketa osoan zehar izan dauen oztopoa. Horrek eragotzi deutso emaitza hobea: neurketa osoan jaurtitako 10 penalti Korner-etatik, ez dabe bat bera be asmatu.

Holan, Max Caldasek atezaina arku azpitik kentzea erabagi dabe, erasoan beste gizon bat gehitzeko. Halanda be, ahalegin guztiak alperrik izan dira.

Bestalde, golf olinpikoaren bigarren jardunaldian, Carlota Cigandak +6ko emaitza lortu dau, parez gainetik eta horrek +7ko azken puntuazinoa itxi deutso. Lehen zuloan bogey egin dau eta hirugarrenean beste bat. Bigarren zatian heldu da hondamendia iruindarrarentzat: 5 bogey 9 zulotan, birdie bat eta 3 kolpe paretik gora. Eguna 47. postuan amaitu dau, sailkapenaren beheko aldean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu