WIP Latam sailak sei film aurkeztuko ditu

Bizkaie! 2024-08-08 09:08   Zinemea

Sei lan horreetatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.

Iván Funden El mensaje, Daniel Hendlerren Un cabo suelto, Nayra Ilicen Cuerpo Celeste, Paula Morel Kristofen Muña Muña, Kim Torresen Si no ardemos, cómo iluminar la noche eta Simón Vélezen Piedras preciosa dira postprodukzino-fasean dagozen Latinoamerikako sei film luzeak, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diranak. WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango diran sei lan horreetatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.

Iván Fund argentinarra El mensaje filmagaz izango da barriz be Zinemaldian, 2023an Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan parte hartu ondoren. Filma Argentinako landa-eremua zeharkatzen dauen road movie-a da. Marcelo Subiotto, Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorraren irabazlea Puan filmagaz (2023), da aktoreetako bat, Mara Bestelli eta Anika Bootzekin batera.

Daniel Hendler aktore eta zuzendari uruguaitarrak Un cabo suelto aurkeztuko dau, Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroaren 2023ko edizinoko proiektua. Bosgarren aldiz hartuko dau parte Zinemaldian. Sergio Prina da protagonistea.

Cuerpo Celeste, Nayra Ilic txiletarraren bigarren film luzea da eta Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan parte hartu eban 2021ean. Filmak nerabe baten bizitza-bidaia erakusten dau. Aitaren heriotzari aurre egin behar deutso Celestek, amaren krisi egoeraren kontra burrukatzen dauen bitartean. Ilicen lehen lana, Metro cuadrado (2011), Palm Springseko zinema-jaialdian hautatu eben.

Muña Muñak, Paula Morel Kristof film laburren zuzendari argentinarraren lehen filmak, erizain bat dau protagonista: turista frantziar gazteago bategaz maitasun-istorioa bizi dauen bitartean, atzerrira joatear dagoan semeari agur esan beharko deutso.

Piedras preciosas, Simón Vélez produktore kolonbiarrak zuzendutako lehen film luzea da, bere film laburrek nazinoarteko onespena lortu ondoren Locarnoko, Valdiviako eta Vienako jaialdietan. Machado kolonbiarra Frantzian bizi da sasoiko langile bezala eta bitxi-bildumagile batek Kolonbiara bueltau eta esmeralda baliotsu bat lapurtzeko eskatuko deutso.

Kim Torresek, Si no ardemos, cómo iluminar la noche, lehen lana aurkeztuko dau. Torresen film laburrak Cannesen, Locarnon eta Mar del Platan hautatu izan ditue, besteak beste.



WIP Latam Industria Saria, ondoko enpresa honeek emoten dabe: Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido eta Sherlock Films. Saria, aurkeztutako filmetako baten postprodukzinoan, ingelesez azpititulaturiko DCP batean eta film irabazlea Espainian banatzean datza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu