Pau Echanizek brontzea aurkeztu dau
2024-08-07 08:39 KirolaPariseko Jokoetako eslalom piraguismoaren K1ean irabazi eban dominea.
Pau Echaniz Basque Teameko palistak Donostian emon dau lehen prentsaurrekoa eta bertan aurkeztu dau Pariseko Jokoetako eslalon piraguismoko kayakeko finalean hirugarren postuan amaitzean lortu eban brontzezko dominea, Xabier Etxaniz entrenatzaile eta aitagaz eta Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileagaz batera. Piraguisteak, senide eta lagunen babesa izan dau.
Gipuzkoarra izan zan Frantziako uriburuko hitzordu nagusian podiumera igo zan lehen euskal kirolaria. 23 urteko piraguisteak, brontzea lortu eban abuztuaren 1ean, eguena, eslalom piraguismoko K1ean.
Pau Echaniz piraguismoagaz lotuta egon da jaio zanetik. Maialen Chourraut, dominadun olinpiko hirukotxaren entrenatzaile eta bikotekidea dan Xabier Echanizen semea da, Bartzelona 92ko eta Atlanta 96ko Jokoetan olinpikoa egondakoa. La Seuko kanalean hazi zan, eta orain, Donostin bizi da.
Pauek 88,87 segundoko denporea egin eban kayakeko finalean, 19. atea jo ondoren. Zigor hori barik urrea irabazteko moduko jaitsierea egin eban. 15 urtegaz, junior mailako talde nazinonalean sartu zan eta bertan 18 urtez azpiko Munduko eta Europako txapelketetan lehiatzeko aukerea izan eban, 2019ko Europako Txapelketan zidar dominea lortuz.
2021ean Donostiara joan zan biziten Maialen Chourraut dominadunagaz eta bere arreba Anegaz batera. Atletico San Sebastianek fitxau eban, 23 urtez azpiko talderako sailkatu eta lehen aldiz sartu zan talde absolutuan. Horri esker, ekitaldi garrantzitsuenetan lehiatzeko aukerea izanez.
Bere palmaresaren barruan, La Seu d'Urgellen 2019an lortutako zortzigarren postua (modalidade ez olinpikoa), Londreseko 2023ko Munduko Txapelketako zortzigarren postua, 2023ko Europako Jokoetako zortzigarren postua eta Joko horreetan bertan taldeka lortutako urrea nabarmentzen dira.
Echaniz pozik agertu da Donostian batutako komunikabideen aurrean eta eskerrak emon deutsee herritarrei. Bestalde, Olatz Legarza Basque Team Fundazinoko koordinatzaileak, piraguistea zoriondu eta Basque Team Fundazinoak goi-mailako kirolariei laguntzen jarraituko dauela formazinoa, prestaketea eta lehiakortasunean hobetzeko azpimarratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!