Adimen artifiziala, Zinemaldia Startup Challenge ekimeneko proiektuen protagonista
2024-08-05 12:34 ZinemeaAlemania, Danimarka, Espainia, Lituania eta Erresuma Batuko hamar proiektuk hartuko dabe parte.
Hamar proiektu teknologiko (bost espainiar eta bost europar) lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen, ekintzaileentzako eta startup sortu barrientzako lehiaketan. Egitasmoa, ikus-entzunezkoen arloan aplikau daitekezan teknologietan oinarritzen da.
Zinemaldia Startup Challenge da Zinemaldia & Technologyren ekimen nagusia (irailaren 26an egingo da). Bertan, proiektuen aurkezpena eta adimen artifizial sortzaileari buruzko mahai-inguruak egingo dira. Halanda ze, AC Coppens (The Catalysts) izango da moderatzailea. Ondoren, proiektuen ordezkariek balizko bazkideekaz batzeko aukerea izango dabe.
Estaduko bost finalistetako lauk adimen artifiziala dabe ardatz: Current Anima, testuak 3Dko bideo bihurtzen dituana; Dubme, itzulpen eta bikoizketa-soluzinoak ezartzen dituana plataforma propio bategaz; Emotional Films, denpora errealean 3Dko renderingean eta datu handietan oinarrituta, ikus-entzulearen emozinoen araberako ikus-entzunezko esperientzia moldagarri eta personalizatuak eskaintzen dituana; Vocality.ai, lokuzinoetarako giza ahotsa klonetan dauena; eta, Hulahoop Fintech plataformea, inbertitzaileei kalidadezko edukiak finantzietea ahalbidetzen deutsena banaketa-akordioen medioz.
Europako proiektuei jagokenez, horreetako lau adimen artifizialean oinarritzen dira: Kaspar K1 (Danimarka), filmautako materiala aztertu eta audioa eta muntaketarako beharrezko hartualdiak kronologia koherente bategaz arin topetetako aukerea emoten dauena; Phont (Alemania), alkarrizketen emozinoak islatu eta azpitituluak sortzen dituana; Sonic Alchemist (Lituania), soinua diseinetako tresnen multzoa, efektuak sinkronizau eta egokitzeaz gan, pista anitzeko zirriborro editagarriak sortzen dituana; eta Thol (Erresuma Batua), soinu-diseinuko profesionalen eskura tresnak jarten dituana. Bestalde, Filmanize (Erresuma Batua) SaaS (Software as a Service) bat da, gidoiak zehatu eta filmatzeko aginduak sortzeko beharrezko informazinoa gorde eta partekatzea ahalbidetzen dauena.
Parte-hartzaileek Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BICetako (Business Innovation Center) batean inkubazino-gune batera doban sartzeko aukerea izango dabe urtebetez. Ganera, 10.000 euroko sari bi emongo ditue Europako eta Estaduko proiektu onenentzat. Bestalde, 3.000 euroko aitamen berezia emongo da, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzeagaz lotutako balioak autortzeko. Horreezaz gan, irabazleek eta finalistek 500.000 eurorainoko finantziazinoa eskuratu ahalko dabe proiektua Euskadin garatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRIren bitartez sustatzen dau Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia; Donostia Zinemaldiak horreekaz lankidetzan atontzen dau Zinemaldia & Technology: TECNALIA; ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza); eta Vicomtech. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategikoa da eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako barrikuntzeari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune bihurtu nahi dau.
Estaduko startupen lehiaketea, Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen produzinorako nazinoarteko merkatu bat egitasmoaren parte da. Holan, proiektuan ondoko erakundeek hartzen dabe parte: Kultura Ministerioa, ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bidez; Eraldaketa Digitalerako eta Funtzino Publikoko Ministerioa; ICEX España Exportación e Inversiones erakundea; Málagako Zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!