Nadia Erostarbek, Jon Rahmek eta Joan Duruk diploma olinpiko bana irabazi dabe
2024-08-05 07:55 KirolaGaur, hilak 5, Gracia Alonsoren selekzinoak, 3x3 saskibaloian domina lortzeko jokatuko dau.
Nadia Erostarbe zarauztarrak orri bat idatzi dau euskal surfearen historian, izan be, bosgarren amaitu dau, merezitako diploma olinpikoa lortuz. Joan Duru Baionako surflariak be lortu dau diplomea, final laurenetan Kauli Vaast frantziarrari irabaziz.
Aitatutako diploma olinpikoez gan, Andy Criere eta Janire Gonzalez-Etxabarri surflarien parte-hartzeak be nabarmentzekoak izan dira.
Futbolean, Irene Paredes, Lucia Garcia eta Oihane Hernandezen taldeak finalerdietarako txartela lortu dau, penaltietan Kolonbiari irabaziz (2-2, 4-2).
Gizonen futbolean, barriz, Benat Turrientes, Aimar Oroz eta Jon Pachecoren taldea finalerdietara pasa da Japoniari 3-0 irabazita. Santi Deniaren gizonek garaipena lortu dabe eta gaur, hilak 5, Marseillan, 18:00etan, Marokoren kontra jokatuko dabe.
Saskibaloian Xabier Lopez-Arostegi eta Dario Brizuelaren selekzinoak amaitu dau abenturea Jokoetan, izan be, Sergio Scariolok zuzentzen dauen taldeak Kanadan kontra galdu dau (88.85).
Eskubaloian Kauldi Odriozola, Imanol Garciandia eta Sergey Hernandezen selekzinoak 33-31 galdu dau Alemaniaren kontra. Hori bai, oraindino aurrera jarraitzeko aukerea dago. Emakumeen taldean, barriz, Lysa Tchaptcheten selekzinoak galdu eta aukera barik geratu da.
Jon Rahmek, diploma bat eskuratu dau, 14. zulora arte sailkapenaren buruan joan ondoren. Joko bikainari esker, Barrikako lehoia txapelketako liderra izan da lau golpeko abantailakaz. Horren ostean, arretea galdu eta burrukatik kanpo geratu da. Scottie Scheffler estatubatuarrak irabazi dau urrea, Tommy Fleetwood ingelesak zidarra eta Hideki Matsuyama japoniarrak brontzea.
Atletismoan, Asier Martinezek eta John Cabangek errepeska jokatu beharko dabe. Gaurko sailkapenean nafarrak 13.47ko denporea egin dau eta Irurakoak 13.66koa. Ez da nahikoa izan serie bakotxeko hiru onenen artean sartzeko.
Kayak krosean Maialen Chourrautek, Noemi Foxegaz batera, Martina Wegman holandarrari eta Jessica Fox australiarrari irabazi deutse final zortzirenetan. Miren Lazkanok hirugarren amaitu dau bere seriean, Angele Hug frantziarraren eta Ana Satila brasildarraren atzetik.
Belar-hockeyan Vilallongak eta Basterak egungo txapelduna eta munduko lehena dan Belgikari 3-2 irabazi deutse, azken txanpa epikoan, dominetatik pauso batera jartzeko.
3x3 saskibaloian Gracia Alonsoren selekzinoak, fase erregularreko azken partidan Alemaniaren kontra galdu arren,finalerdietara pasa da. Gaur, hilak 5, lehiatuko dira dominak lortzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!