Plaza Barria, kulturarteko musikearen agertokia

Bizkaie! 2024-08-01 10:38   Musikea

Artisten artean, Korrontzi, Slide eta Les Testarudes izango dira.

Plaza Barriak Aste Nagusiko kulturarteko musikea hartuko dau betiko lez, erritmo eta jatorri ugarietako kontzertu ziklo bategaz. Guztira zortzi emonaldi eskainiko dira gauero, 23:30etik aurrera, abuztuaren 17tik 24ra.

Aurten programautako nazinoarteko zortzi kontzertuek mundu osoko erritmoekaz girotuko ditue gauak, esaterako flamenko, reggae, afro-pop, funk eta soul. Holan, Euskadi, Katalunia, Galizia, Madril, Jamaika eta Gineako artistak izango dira agertokian.

Korrontzik eta Bilboko Udal Musika Bandak edegiko dabe kontzertu zikloa Plaza Barrian abuztuaren 17an, zapatua, emonaldi berezi bategaz, izan be, Korrontzi folk bandak 20 urte bete ditu eta ospatzeko, kontzertua eskeiniko dau, Bilboko Udal Musika Bandearen laguntzinoagaz.

Hurrengo egunean, abuztuaren 18an, domeka, Paco de Lucía jeinu eta maisuaren heriotzaren 10. urteurrena dala eta, haren memoria eta musika ospatzeko kontzertu-omenaldia egingo da Bilbo Flamenkoaren eskutik. Beraz, Paco de Luciaren nazinoarteko grabazino eta biretan partu hartu ebezen musikari eta artista asko etorriko dira.

Astelehenean, abuztuaren 19an, XXXI. Bilbao Reggae Splash 2024 izango da, Twinkle Brothers talde jamaikarraren presentziagaz, Roots Reggae ortodoxoenaren ikonoak eta reggae rastafariano klasikoaren soinuaren protagonista nagusiak.

Martitzenean, abuztuaren 20an, N´Faly Kouyaté artista afro-pop ginearraren txandea izango da. N´Falyk Ré-Génération, albuma aurkeztu dau, metaforaz eta hausnarketaz betea, kora, balafoia, djmbea eta kalabaza lako instrumentu afrikarrekaz batera.

Ska, reggae eta rocksteady doinuak abuztuaren 21an, eguaztena, entzungo dira, Les Testarudes taldearen eskutik. Bederatzi emakumez osotutako talde katalanak helburu argia dau: eszenatokietan emakumearen presentzia ikustarazotea eta musikearen munduan ahulduntzea, ska eta rocksteady lako estilo maskulinizatuetan lekua hartuz.

Eguenean, hilak 22, Kuttune Nerea Quinoncoce perkusino-jotzaile eta abeslariak zuzendutako folk taldea igoko da eszenatokira. Folkez Bali 2022 folk taldeen lehiaketako lehen saria irabazi eban bandea.

Panorama musikalaren errebelazino nagusietako bat bihurtu ondoren, Fillas de Cassandrak Últimas Dionisíacas ikuskizuna aurkeztuko dau abuztuaren 23an, barikuan.

Azken gauen, abuztuaren 24an, Slide entzungo da, Madrilen egoitza dauen Funk & Soul nazinoarteko taldea. Chuma Seguraren gidaritzapean, Slidek soulez, bluesez, funkez eta rockez egindako abesti propioekaz eta Hey Jude (The Beatles), Jumping Jack Flash (R. Stones) eta I say a little prayer (A. Franklin) abestien bersinoekaz harrituko ditu entzuleak.

Programazinoa

Kontzertu guztiak 23:30ean hasiko dira.

  • Abuztuak 17: Bilboko Udal Musika Banda + Korrontzi
  • Abuztuak 18: Paco de Lucía: In memoriam.
  • Abuztuak 19: XXXI Bilbo Reggae Splash 2024: Twinkle Brothers.
  • Abuztuak 20: N´Faly Koyaté.
  • Abuztuak 21: Les Testarudes.
  • Abuztuak 22: Kuttune.
  • Abuztuak 23: Fillas de Cassandra.
  • Abuztuak 24: Slide.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu