Maite Alberdik lehenengoz parte hartuko dau Urrezko Maskorra irabazteko lehian

Bizkaie! 2024-07-30 12:20   Zinemea

Fikzinoko bere lehen film luzea El lugar de la otra aurkeztuko deusku.

'El lugar de la otra', Maite Alberdi | Ikusi handiago | Argazki originala

Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozon zuzendariak Sail Ofizialean lehiatuko dira Laura Carreira eta Xin Huo hasibarriakaz batera.

Audrey Diwanen lanak –Sail Ofiziala hasiko dauenak– be lehiaketan hartuko dau parte, baita Iciar Bollain, Pedro Martín-Calero, Pilar Palomero eta Albert Serra zinemagileek zuzendutako filmek be (Espainiako produkzinoak lau horreek)

Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoan (irailaren 20tik 28ra) Maite Alberdik (Santiago, 1983) lehenengoz hartuko dau parte Urrezko Maskorra irabazteko lehian fikzinoko bere lehen film luzeagaz El lugar de la otra filmagaz, hain zuzen be, Alia Trabucco Zeránen Las homicidas saioan jasotako kasuetako baten egokitzapena da. María Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil ebaneko benetako istorioa kontetan deusku Alberdik. Zinemagile txiletarra epaimahai ofizialeko kide izan zan 2021ean eta Perlak Sailean ez-fikzinoko hainbat lan erakutsi izan ditu, besteak beste, The Mole Agent (2020) –Zinemaldiko Koprodukzino Foroan hautatua, geroago Sundance Zinema-jaialdian estreinautakoa, Europako Film Onenaren Publikoaren Sariaren irabazlea eta Oscar sarietarako izentaua–, eta The Eternal Memory (2023) –dokumentalen nazinoarteko lehiaketan Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi ebana Sundancen, Oscar sarietarako izentapena jasoteaz gan–.

Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribiduten deusku Laura Carreirak (Porto, 1994) On Falling bere lehen film luzean. Zinemagile portugaldarrak –Edinburgon bizi danak– zuzendutako lanen artean, honako film labur honeek dira nabarmentzekoak: Red Hill (2018), Edinburgoko zinema-jaialdiko New Visions Sariaren irabazlea eta Eskoziako BAFTA Sarietan izentautakoa; eta The Shift (2020), Veneziako zinema-jaialdian estreinautaka eta Europako Zinema Sarietarako eta Londresko Zinema Kritikarien Alkargoko Sarietarako izentautakoa.

Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira The Last Showgirl Gia Coppolaren (Los Angeles, 1987) lan barriko aktore nagusiak; Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) dira zinemagilearen beste lan bi, Veneziako Mostran emonak biak. Coppolaren filmaren protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean emon ondoren ikuskizun hori amaitu eta bidegurutzean kokatuko dana.

Donostia Sariagaz omendua 2019an (urte horretan proiektau eben, hain zuzen, Adults in the Room), Costa-Gavras errealizadore frantziar-greziarra (Loutra-Iraias, 1933) Sail Ofizialera bueltauko da; era berean, Sail Ofizialean aurkeztu eban, Le capital (2012). Last Breath da zuzendariaren lan barria, eta zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzei buruzko gogoetak batzen dira bertan; Denis Podalydès, Kad Merad, Ángela Molina, Charlotte Rampling, Hiam Abbass, Karin Viard eta Marilyne Canto dira protagonista nagusiak. Egilearen obra zabal eta konprometiduan Z (1969) –ingelesez besteko film onenaren eta Muntaketa onenaren Oscar sariak eta Cannesko Epaimahaiaren Sari Berezia–, Missing (1981) –gidoi egokitu onenaren Oscar saria eta Cannesko Urrezko Palma– eta Music Box (1989) –Berlinaleko Urrezko Hartza– dira nabarmentzekoak.

Edward Berger (Wolfsburg, 1970) Conclave filmagaz lehiatuko da Sail Ofizialean aurten.

Shower (1999), Kung Fu Hustle (2004), Curiosity Kills The Cat (2006) eta The Monkey King (2014) filmetan gidoigile izan ondoren, Xin Huo txinatarrak (Beijing, 1980) Bound in Heaven pelikuleagaz egin dau debuta zuzendari legez. Gaixotasun terminala dauen gizon baten eta indarkeriak harrapautako neska baten gorabeherak kontetan deuskuz oraingoan zinemagileak; erlojupeko igesaldia hasiko dabe protagonista biek hainbat uritan zehar.

Serpent's Path filma be emongo da lehiaketan, Kiyoshi Kurosawak (Kobe, 1955) zuzendua, alabearen heriotza basatia mendekatzeko plan bat atontzen dauen gizon bati buruzkoa. Frantsesez filmautakoa.

Mike Leigh britainiarra (Salford, 1943) be Sail Ofizialean izango da lehenengoz, ondoko filmak zuzendu ondoren: Secrets and Lies (1996; Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea eta Perlak Sailean aurkeztua); Naked (1993, zuzendari onenaren saria eskuratu zuena Cannesen); All or Nothing (2002), Vera Drake (2004, Veneziako Urrezko Lehoiaren irabazlea) eta Happy-Go-Lucky (2008).

Diego Lerman (Buenos Aires, 1976) hirugarrenez lehiatuko da Zinemaldian El hombre que amaba los platos voladores obreagaz.

Sail Ofizialak The End be hartuko dau, Joshua Oppenheimerrek (Austin, Texas, 1974) zuzendutako lehen fikzinoko pelikula, hain zuzen be.

François Ozonen (París, 1967) When Fall Is Coming filmeko protagonistak Hélène Vincent, Josiane Balasko, Ludivine Sagnier eta Pierre Lottin dira, eta emakume erretiratu baten istorioa kontetan deusku frantziarrak bertan (gizon bat –lagun baten semea, espetxetik urten barria– ezagutu eta bizitza aldatu egingo jako protagonisteari). Film barriagaz seigarren aldiz parte hartuko dau errealizadore frantziarrak Zinemaldiko Sail Ofizialean.

Eta Audrey Diwanen Emmanuelle filmak be parte hartuko dau Sail Ofizialean (lehiaketea inaugurauko dau), bai eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diran produkzino espainiar honeek be (oraintsu iragarri dira): Soy Nevenka, Iciar Bollainena; El llanto Pedro Martín-Calerorena; Los destellos, Pilar Palomerorena eta Tardes de soledad, Albert Serrarena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu