2024ko Pariseko Jokoek azken hamarkadetako euskal kirolarien ordezkaritza handiena izango dabe

Bizkaie! 2024-07-18 08:04   Kirola

Euskal Autonomia Erkidegoko 33 kirolari lehiatuko dira garagarrilaren 26tik abuztuaren 11ra.

Atlanta 1996tik, euskal parte-hartzerik potoloena izango da. Euskal Autonomia Erkidegoak kirolaren, jarduera fisikoaren eta, batez be, goi-mailako kirolaren arloan duen indarra eta ahalmena erakusten jarraituko dau, 2024ko Parisko Jokoetan parte hartuko daben kirolarien ordezkaritza zabalari esker.

Garagarrilaren 26tik abuztuaren 11ra jokatuko diran Joko Olinpikoetan, Euskadik 33 kirolari izango ditu, horreetatik % 54,54 emakumeak izango dira eta beste kopuru handi bat gehituko jake, dozena bat parte-hartzaile baino gehiago, abuztuaren 28tik irailaren 8ra egingo diran Joko Paralinpikoetan.

Iragarpen guztien kontra, azken hamarkadetako euskal partaidetzarik zabalenetakoa da. Euskadiko jaiotza-tasearen jatsiereak goi-mailako kirolarien kopuruak hitzordu olinpikoetan behera egingo ebala uste bazan be eta jokera hori 2021eko Tokioko hitzorduan agertu zala emoten baebanbe (20 kirolari lehiatu ziran), aurten 33 lehiakide dira eta erraz gainditzen ditu 2008ko Beijingeko 24 parte-hartzaileak, 2012ko Londresko 25ak, 2016ko Rio de Janeiroko 26ak eta lehen aitatutako 2021eko 20ak.

Paris 2024koa Aro Modernoko (1896-2024) hirugarren euskal ordezkaritza olinpiko altuena izango da, 1992ko Bartzelonako Jokoetan (44 parte-hartzaile) eta 1996ko Atlantako Jokoetan (38 parte-hartzaile) izan ondoren. 2024ko Parisko Jokoetarako Estaduan sailkatutako 382 kirolarietatik % 8,63 dira euskaldunak, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak espainiar Estadukoakaz alderatuz gero osotzen dan % 4,6ko biztanle-ratioa gaindituz.

Emakumeen parte-hartzeari jagokonez, Euskadiren kasuan altua izaten jarraitzen dau eta gehiago dira Tokio 2021eko Jokoen aldean. Covid-19aren pandemiagaitik atzeratutako Jokoetan, 20 parte-hartzaileetatik 12 gizonezkoak izan ziran eta 8 emakumezkoak (% 40). Paris 2024koak izango dira kirolariei jagokenez parekotasun osoa izango daben historiako lehen Jokoak. Euskadik datu hori hobetuko dau, Erkidegoko 33 parte-hartzaileetatik 18 emakumezkoak izango baitira (% 54,54) eta 15 gizonezkoak (% 45,45).

Gipuzkoa izango da kirolari gehien izango dituan lurraldea (17), ondoren Bizkaia (12) eta azkenik Araba (4).

Kirolariak 14 kiroletan izango ditugu (15 modalidade). Futbola da lehiakide gehien dituan kirola (5+1 erreserbea). Halan da be, oso esanguratsua da Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak, Basque Team Fundazinoaren bidez, euskal federazinoen laguntzeagaz bikaintasun-proiektuak klantzeko aukeratutako diziplinetan parte-hartzaileen kopuruak izan dauen hazkundea. Kirol jakin batzuetan gogor egin da egin da eta ondorioak orain antzemoten doguz. Piraguismoaren kasuan, 2007an Fundazinoaren sorrerearen aurretik be, babes handia emon jakona diziplina horri. Surfaren eta skatearen kasuetan be lan garrantzitsua egin da azken ziklo olinpiko bietan. Estaduak surfean dauen parte-hartzearen % 100 euskalduna da, Tahitin lehiatuko diran hiru surflariak gipuzkoarrak baitira eta Estaduak skatean dauen parte-hartzearen % 40 be euskalduna da, konbinauko bost kideetatik bi euskaldunak baitira.

Parte-hartzea modalidadeka aztertuta, futbolak sei ordezkari izango ditu, ondoren atletismoak, eskubaloiak, surfak eta eslalon-piraguismoak hiruna, saskibaloiak, errepideko txirrindularitzeak, bedar-hockeyak, arraunak eta skateak bina, eta, azkenik, 3x3 saskibaloiak, boxeoak, gimnastikak, golfak eta esprint piraguismoak, kasu bakotxean kirolari bategaz. Lehiaketea garagarrilaren 24an hasiko da talde-kirolakaz, nahiz eta inaugurazino-ekitaldia egun bi aurrerag egingo dan, garagarrilaren 26an, espazio edegi batean historian lehen aldiz. Atleten desfilea Sena ibaian egingo dabe, ordezkaritza guztien ontziakaz. Helburua Jokoak iraultzea da, publiko zabalaren eskura jarrita gainera.

Basque Teamek eta EiTBk, Fundazinoaren patroiak, Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan jazoten dana jarraitu eta kontauko dabe Frantziako uriburutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu