Hamaika film New Directors sailean

Bizkaie! 2024-07-17 13:06   Zinemea

50.000 euroko saria irabazteko lehian izango dira.

Argentinako, Txinako, Espainiako, Estadu Batuetako, Frantziako, Georgiako, Thailandiako eta Turkiako hamaika zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko ditue Donostia Zinemaldiko New Directors sailean. Kutxabank-New Directors saria irabazteko lehiatuko dira film horreek guztiak, baita hurrengo asteetan iragarriko diran beste batzuk be.

Gülizar, Turkiaren eta Kosovoren arteko koprodukzinoa, ezkondu aurretik sexu-eraso bat jasaten dauen emakume gazte bati buruzko filmea da, Belkis Bayrak (Istanbul, 1984) zinemagile turkiarraren lehen film luzea; Apartman (2018) eta Cemile (2021) film laburrekaz nazinoarteko hainbat lehiaketetan parte hartu eban Bayrakek.

Roschdy Zem eta Bella Kim dira Hiver à Sokcho filmeko protagonistak; Koya Kamura (Paris, 1983) zinemagile frantziar-japoniarraren lehen filmea, Homesick (2019) film laburraren ondoren zuzendua. Artista frantziar bat Koreara iristean bizitza astinduko jakon neska korear gazte baten istorioa kontatzen dau Frantziaren eta Korearen arteko koprodukzino horrek.

Eternity (2010) filma izan zan Sivaroj Kongsakulek (Bangkok, 1980) zuzendutako lehen film luzea eta, esaterako, Busango, Rotterdamgo edo Hong Kongeko zinema-jaialdietan emon zan. Regretfully at Dawn zinemagile thailandiarraren bigarren lana da eta, bertan, agure, neskato eta soldadu gazte baten patuak aurkezten dira.



Brûle le sang Frantzia, Belgika eta Austriaren arteko koprodukzinoa da, Akaki Popkhadze georgiarraren (Tbilisi, 1991) lehen lana da; Je vois (2019) eta Ici en silence tout hurle (2023) film laburren egilea da. Nicolas Duvauchelle, Florent Hill-Chouaki eta Denis Lavant dira protagonistak. Nizan kokatzen da, komunidade georgiarreko persona bat hil daben tokian hain zuzen be.

Walking in Darkness (2019) zuzendu ondoren, Yongkang Tang zinemagile txinatarrak (Taiyuan, 1983) Stars and the Moon lanagaz parte hartuko dau New Directors sailean; zuzendariaren bigarren filmak, mendi-herri bateko ume baten egunak islatzen ditu, haren pasinoa estralurtarrak ikustea izanez.

Michael Tyburskik (New York, 1984) Sundance zinema-jaialdian egin eban debuta The Sound of Silence (2019) filmagaz eta, Turn Me On bere bigarren obreagaz lehiatuko da Zinemaldian. Zientzia-fikzinoko komedia erromantikoa (Bel Powley eta Nick Robinson protagonista eta Angela Bourassak idatzia) persona guztiek egunero giza emozinoak desagerrarazoteko pilula bat hartu behar daben new age komunidade batean pasetan da.



Film horreek guztiak iragarritako produkzino espainiarreko beste filmei gehitzen jake. Debut bi erakutsiko dira: batetik, Antón Álvarezen (C. Tangana) La guitarra flamenca de Yerai Cortés, New Directors sailean emongo dan lehen filma; eta bestetik, Sandra Romeroren Por donde pasa el silencio; bestalde, zuzendari bien bigarren film luzeak be programauko dira: La llegada del hijo, Cecilia Atán eta Valeria Pivato zuzendariena eta Azken erromantikoak, David Pérez Sañudo egilearena.

Film guztiak dira Kutxabank - New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian dauen banatzailearen artean. Kutxabank - New Directors saria Kutxabankek, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak, babesten dau. New Directors saileko filmak Gazteriaren Dama saria lortzeko hautagai be dira.

Donostia Zinemaldiak talentu barrien alde egindako apustuaren adibiderik argiena da New Directors, baina ez bakarra; izan be, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko gainerako sailetan programau ohi dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu