Damak Gazteriaren Saria babestuko dau
2024-07-16 13:04 ZinemeaGazteriaren Epaimahaian parte hartzeko izen-emotea abuztuaren 1etik 9ra edegiko dabe.
Damak, jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko Espainiako entidadeak, Gazteriaren Saria babestuko dau Donostia Zinemaldiaren 72. edizinoan.
Gazteen Epaimahaian izena emoteko epea abuztuaren 1etik 9ra egongo da edegita; inskripzinoa online egin beharko da Zinemaldiaren webgunearen bidez. Hemen parte hartzeko kondizinoak: 18-25 urte izatea; formularioa betetzea; motibazino-gutuna eranstea; eta partaidetza-arauak onestea (irailaren 19tik 28ra erabateko prestasuna eskatzen dabe arauok).
Sariaren irabazlea aukeratzen dauen epaimahaia 18-25 urteko 150 gaztek osotzen dabe, emonaldi bakotxaren ondoren, filmeari puntuazino jakin bat emoten deutsonak. Kalifikazinoak egunero eguneratuko dira eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan konsultau ahalko dira.
Gazteriaren Dama sarirako hautagaiak New Directors saileko zuzendarien filmak izango dira, baita Horizontes Latinos sailean aurkeztutako zuzendarien lehen edo bigarren film luzeak be. Guztira, 20 film inguru dira, beraz, epaimahaikideek bi edo hiru film ikusi beharko ditue egunero gitxi gorabehera.
Saria irailaren 28an (zapatua) banatuko da. Dama taldearen ordezkari bat izango da bertan, baita zinemearen munduko persona ospetsu bat eta Gazteriaren kide bat be.
Damak Gazteriaren Saria babesten dauen lehen urtea da, baina denpora luzez dago lotuta Donostia Zinemaldiagaz. Holan, Pentsamendua eta Eztabaidarako berbalbi ugari bultzau izan ditu entidadeak azken urteotan eta, esaterako, Lola Salvador-i Gidoi Onenaren Dama Saria emon eutson.
Oso hunkituta gagoz Donostia Zinemaldiko Gazteriaren Dama Saria babestuko dogulako. Belaunaldi barrien artean zinema-zaletasuna sustatzeko dogun konpromisoa islatzen dau sariak. Ganera, ekimena baliagarria da bokazinoak pizteko eta finkatzeko. Seguru gagoz epaimahaia osotuko daben 150 kideen artean, beharbada urte batzuk barru euren lanak Zinemaldian bertan aurkeztuko dituen etorkizuneko egileak dagozela, adierazo dau entidadeko presidente dan Virginia Yagüek.
Dama
20 urtetik gorako esperientziagaz, Dama ikus-entzunezko obren eskubideen kudeaketa kolektiboan espezializautako entidade bakarra da Espainian eta sektorearen erreferente bihurtu da diru-bilketean eta banaketean.
Horrezaz gan, ikus-entzunezko sorkuntzea sustatzeko eta defendatzeko lan egiten dau, hainbat laguntzino eta prestakuntza-programen medioz.
Damak 2.800 bazkide baino gehiago ditu eta 40 herrialdetako ikus-entzunezko egileen (zuzendariak eta gidoilariak) ordainketa-eskubideak kudeatzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!