Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martin-Calero Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian

Bizkaie! 2024-07-15 07:45   Zinemea

Guztira, Espainian produzidutako 17 ikus-entzunezko emongo ditue.

Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian, Madrilen, iragarri dabe, irailaren 20tik 28ra Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango diran espainiar produkzinoak eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Belodromo sailetan emongo diran 17 ikus-entzunezkoak (12 film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail).

Soy Nevenka filman, alkate baten jazarpena salatzen ausartzeagaitik ondorio latzak izan zituan zinegotzi baten istorioa kontetan dau Iciar Bollainek (Madril, 1967) eta bosgarrenez parte hartuko dau zuzendariak Sail Ofizialean. Horrezaz gan, Zinemaldiak beste sail batzuetan be programau izan ditu zuzendariaren lanak, esaterako, En tierra extraña (2014) Emanaldi Berezietan; eta Hola, ¿estás sola? (1996), Flores de otro mundo (1999, Cannesko Semaine de la critique atalean saritua), Katmandú, un espejo en el cielo (2012) eta La boda de Rosa (2020) Made in Spain sailean.

Sail Ofizialaren parte izango da El llanto, Pedro Martín-Calero (Valladolid, 1983) entzutetsuaren film laburren eta musika eta publizidade-industriarako lan ugariren egileak zuzendutako lehen film luzea. Isabel Peñagaz batera idatzi eban gidoia. El llanto, Espainiak Argentina eta Frantziagaz batera produzidutako obrea da eta hiru emakumeen rolak kontatzen ditue bertan Ester Exposito, Mathilde Ollivier eta Malena Villa aktoreek.

Pilar Palomerok (Zaragoza, 1980) hirugarren film luzea aurkeztuko dau, Los destellos, Eider Rodríguez idazlearen Bihotz handiegia kontakizunean inspirauta. Patricia López Arnáiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola eta Julián López dira protagonistak. Las niñas (Made in Spain, 2020, Palomeroren lehen film luzea) Berlingo zinema-jaialdiko Generation Kplus programan estreinautako eta Málagako film onenaren Urrezko Biznaga eta film onena, zuzendaritza barri onena, jatorrizko gidoi onena eta argazki onenaren Goya sariak irabazi zituan. Palomeroren bigarren filma, La Maternal, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zan 2022an eta film horri esker, Carla Quílez antzezleak Interpretazino Nagusi Onenaren Zidarrezko Maskorra eskuratu eban.

Horreezaz gan, Albert Serrak (Banyoles, 1975) lehen aldiz parte hartuko dau Sail Ofizialean Tardes de soledad filmagaz; tauromakiari buruzko ez-fikzinozko obran, bertan egoera mental eta espiritualak jorratzen dira. Hasiera-hasieratik, Cannesko Quinzaine des cinéastes atalean hautatu izan dira Serraren lanak, esaterako, Honor de cavalleria (Made in Spain, 2006) eta El cant dels ocells (Made in Spain, 2008). Història de la meva mort (2013) filmagaz Locarnoko zinema-jaialdiko Urrezko Lehoinabarra irabazi eban. Grand Prix saria be lortu eban FIDMarseille jaialdian, Roi Soleil (2016) lanagaz eta Liberté (2019) filmari esker Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean eta Cannesko Sail Ofizialean Pacifiction filmagaz (Made in Spain, 2022) lehiatu zan.



Querer seriea, Sail Ofizialean lehiaz kanpo

Sail Ofizialak lehiaketatik kanpoko serie bat hartuko dau. Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) Querer, aurkeztuko dau, 30 urtez ezkonduta egon ostean senarragaz itxi eta bortxaketa jarraituagatik salaketea jarri deutson emakume baten istorioa kontetan dauen lana. Nagore Aranburu da lau ataleko seriearen protagonistea eta Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau, Iván Pellicer eta Loreto Mauleon be badagoz bertan. Ruiz de Azúak Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu eban bere lehen lana, Cinco lobitos (Zinemira amaiera, 2022), Málagako zinema-jaialdian sekulako erabtzuna izan aurretik.

Yo, adicto eta La virgen roja, Sail Ofizialeko Emonaldi Bereziak

Emonaldi Berezien barruan, Yo, adicto serieak sei ataletan kontauko dau Javier Ginerrek (Barakaldo, 1977) idatzitako izen bereko liburuaren gainditze-kontakizuna. Oriol Pla aktoreak gorpuzten dau Giner eta seriearen sortzaileetako bat be bada, Aitor Gabilondo (Donostia, 1974) Patria (Sail Ofiziala Emonaldi Bereziak, 2020) filmearen egileagaz batera. Yo, adicto serieko aktore zerrendean, Nora Navas, Omar Ayuso, Victoria Luengo, Alex Brendemühl, Ramón Barea, Marina Salas eta Itziar Lazkano nabarmentzen dira.

La novia (Zabaltegi, 2015) eta Teresa (2023) filmen zuzendaria dan Paula Ortiz (Zaragoza, 1979) zinemagilearen film luze barria hartuko dabe, lehiaketatik kanpo. La virgen roja Najwa Nimri, Alba Planas, Aixa Villagrán, Patrick Criado eta Pepe Viyuela protagonista dituan lanean.

Antón Álvarez, Cecilia Atán eta Valeria Pivato, David Pérez Sañudo eta Sandra Romero, New Directors sailean

La guitarra flamenca de Yerai Cortés lanagaz inaugurauko da New Directors saila, Antón Álvarez musikariaren (Madril, 1990) estreinaldia zinema-zuzendaritzean (musikearen munduan C. Tangana izenez ezagunagoa). Little Spain kolektiboak sinautako Esta ambición desmedida dokumentalaren protagonista izan ondoren, ez-fikzinozko lanean Álvarezek Yerai Cortésen musika erabilten dau ikuslea gitarristearen istorio personalean sartzeko, familiako sekretu handi bat argitzeko eta iraganeko mamuak gainditzeko.

La novia del desierto (2017) Cannesko Un Certain Regard sailean estreinau eta Horizontes Latinosen erakutsi ondoren, Cecilia Atán (Buenos Aires, 1978) eta Valeria Pivato (Buenos Aires, 1973) argentinarrak New Directors sailean lehiatuko dira alkarrekaz sortutako bigarren lanagaz; La llegada del hijo hain zuzen be. Maricel Álvarez, Angelo Mutti Spinetta, Cristina Banegas eta Greta Fernández dira filmeko aktoreak.

David Pérez Sañudo (Bilbo, 1987) barriz izango da New Directors sailean, Ane (2020) aurkeztu ondoren, euskal zinemearen Irizar Saria eta gidoi egokitu, emakumezko aktore protagonista eta emakumezko aktore barri onenen Goya sariak irabazi zituan filmak. Bilbotarraren bigarren film luzea, Azken erromantikoak, Txani Rodríguezen izen bereko elebarrian oinarrituta dago eta Miren Gaztañaga da aktore nagusia, bularrean koskor bat detektatzen deutsenean bizitza osoa birplanteau beste erremediorik izango ez dauen emakume baten rolean.

Sandra Romero zinemagile andaluziarrak (Écija, 1993), Por donde pasa el silencio (2020) filmagaz Málagan Zuzendari Onenaren Zidarrezko Biznaga irabazi ondoren fikzinozko film laburren kategorian, istorio eta izenburu beretik hasi da bere lehen film luzea zuzentzeko: familiaren etxera bueltatzen dan gazten baten istorioa kontetan dau.

WIP Latam 2023ko film bi Horizontes Latinos sailean

Horizontes Latinos saileko filmen artean produkzino espainiarra dabenetako bat Los domingos mueren más personas da. Iair Said (Buenos Aires, 1988) hasibarriak WIP Latam Industriaren Saria eta WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Saria irabazi zituan igaz lan horregaz. Saidek esperientzia luzea dau aktore eta film laburren zuzendari bezela. Cannesko zinema-jaialdiko ACID sailean estreinau zan filmea.

Sofía Paloma Gómez (Santiago, 1985) eta Camilo Becerra (Santiago, 1981) zinemagileek batera zuzendutako filma, Quizás es cierto lo que dicen de nosotras, igaz WIP Latam programean aurkeztutako proiektuetako bat, estreinauko dabe aurton. Lanak, psikiatra arrakastatsu batek sekta batean luzaroan isolatuta bizi izan dan alaba zaharrenaren bisita jasoko dau.

Animazinozko film labur bat, film ertain bat eta WIP Europaren irabazlea Zabaltegi-Tabakalera sailean

Era berean, Zabaltegi-Tabakalera sailak barriz programauko dau Elena López Rieraren (Orihuela, 1982) film bat: Las novias del sur, hain zuzen be. Cannesko Semaine de la Critique atalean estreinau barri dan film ertain horrek Queer Palm saria jaso eban eta emakume heldu batzuek ezkontzaz, maitasunaz eta sexualidadeaz berba egiten dabe bertan. López Rieraren lehen film laburrek hainbat hitzordutan parte hartu eben, esaterako, Locarnoko Jaialdian edo Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean.

Sag du es mir (2019) pelikulagaz debuta egin ondoren, Michael Fetter Nathansky alemaniarrak (Kolonia, 1993) bere bigarren lanagaz hartuko dau parte; Alle die Du Bist. Berlinaleko Panorama sailean estreinautako filmak lantegi batean lan egiten dauen eta lankide bategaz maitemintzen dan emakume baten istorioa kontatzen dau.

Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979) zinemagilea be Zinemaldiko sail libreenera bueltauko da; Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animazinozko film laburrean komunidade batek ingurumen-krisi baten ondorioz jasaten dauen kolapsoa erakusten dau zuzendariak.

Celeste seriea, Belodromoan

Anoetako Belodromoan Diego San Josék (Irun, 1978) sortutako eta Elena Trapék (Bartzelona, 1976) zuzendutako Celeste seriea oso-osorik proiektatuko da: guztira, sei atal. Carmen Machi aktorea Zerga Administrazinoko Estadu Agentziako ikuskatzailea da eta, erretiroa hartzear dagoala, musika latinoamerikarreko izar batek Ogasun Publikoari iruzur egin deutsola frogatzeko enkargua jasoko dau. Vota Juan, Vamos Juan eta Venga Juan trilogia sortzeaz gan, Pagafantas (Made in Spain, 2009) No controles (Made in Spain, 2011) eta Fe de etarras (Belodromoa, 2017) idatzi ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu