Sweet Rage eta Pomeray taldeek edegiko dabe 37. Bilbao Metal Pop-Rock Jaialdia
2024-07-11 12:15 MusikeaBetiko lez, Bilboko Aste Nagusiaren barruan (abuztuak 17-25).
Bilbao Metal Pop-Rock erakustaldiaren 37. edizinoak, Aste Nagusira metal eta pop-rock onena eroango dau, 16 emonaldi izango diralarik. Holan, abuztuaren 17tik 24ra bitartean, Bilborock Aretoak 8 kontzertu bikotx hartuko ditu, estilo askotako talde eta artistakaz. Betiko lez, eguneko kontzertu biak, 20:00etan eta 21:00etan eta doban izango dira.
Jaietako Zinegotziak, Itziar Urtasunek, programatzaile eta taldeakaz batera, Bilborock Aretoaren oholtzan izango diran artista eta taldeei buruzko zehetasun guztiak emon ditu.
Erakustaldiak betiko ezaugarri edegitasuna eta eklektizismoa kontuan izan dira eta genero estilo eta soinu ugari eskaintzen ditu: elektro pop, hip hop, rap, swing, blues rock, indie pop edo punk doinuak. Udalaren helburua da lehiaketatik pasetan dan persona bakotxak gustuko dauenagaz disfrutetea. Holan, Bizkaiko musikariei babesa emoten jake uriburuko jaietan eta Bilbo-Bizkaiko eszena bizirik eusten laguntzen dogu, adierazo dau Urtasunek.
116 talde eta artista
Aurtengo edizinoan, 116 taldek eta artistak emon dabe izena, igaz baino bost gehiagok. Halanda ze, parte-hartze handieneko bigarren edizinoa izan da (2014koaren atzetik).
Datuei jagokenez, % 44,8 bilbotarrak dira eta gainerakoak, % 55,2, Bizkaiko lurralde historikoan bizi dira. Izena emon daben talde guztien artean, 34 euskerea erabilten dabe berba egiteko eta 49 emakumeak ditue taldekide, 2023an baino 18 gehiago.
Udaletik parte-hartze eta artisten kalidadea azpimarratu ditue: zalantza barik, aukeraketea gatxa izan arren, aurtengo talde eta artistek une ahaztezinak eskainiko ditue eta Bilborock bisitetan dauenak musikaz eta giro onaz disfrutetako aukerea izango dau.
Aurtengo erakustaldian parte-hartzeko aukeratu diran 16 taldetatik, bostek euskeraz kantetan dabe eta zazpitan, emakumeak dagoz. Jatorriari jagokonez, bederatzi talde Bilbokoak dira, hiru Barakaldokoak eta Getxo, Abadiño, Galdakao eta Gernika-Lumoko bana.
16 kontzertu, 8 gau
Abuztuaren 17an, Sweet Rage eta Pomeray taldeek edegiko dabe Bilborock. Ostean, Frakturen trash metal eta Knivesen amalgana crusting rock and death soinuek itxiko dabe. Aurton, emakumeek presentzia handia izango dabe Mikosis eta Las Sexpeares taldeen kartel bikotxagaz, abuztuaren 18an, domekan.
Aste Nagusiko Erakustaldiak metalaren, popearen eta rockaren barruan batutako estilo guztiak onartzen ditu, jazza izan ezik. Talde eta estilo multzo zabal horren adierazgarri dira, aurtengo kartelean Ibai García Blues Project eta Memphis Belles taldeen blues eta rock´n´bluesa, astelehenean, abuztuaren 19an, baita Simón Carranzaren pop-rocka eta VitterSweeten R&B Neo Soul elektronikoa eta rapa be, martitzenean, abuztuaren 20an. Eguaztenean, abuztuaren 21ean, pop-rocka Soporte Vital Básico taldearen eskutik presente egongo da eta hegoaldeko rocka, barriz, Triple Zero Band taldearen eskutik. Soinu gogorrenak eguenan, abuztuaren 22an, entzungo dira Adur taldearen euskerazko rave-punka eta Doble Fuerza Bilbon kokatutako nazinoarteko taldearen punk’n’rollagaz.
Azken asteburuan metala helduko da: Fear Crowd taldearen heavy metal klasikoa eta 4 Villains taldearen metal rock melodikoa (barikuan, abuztuaren 23an); eta, Frakture eta Knives (zapatuan, abuztuaren 24an).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!