A contra blues, Mingo Balaguer eta Ina Forsman, Arrasate Blues Jaialdian

Bizkaie! 2024-07-11 10:33   Musikea

Garagarrilaren 18tik 20ra, doban.

VI. Arrasate Blues herriko kaleak talentu eta erritmo handiko artistak batzeko prest da. Ibai-Arte Alkarteak atondutako egitasmoak, dobako ikuskizun edegi baten aldeko apustua egin dau barriro be, kultureak herriko kaleak dinamizetako.

18tik 21era, atontzaileek lau eguneko egutegia prestau dabe. Aurten, lehen aldiz, Arimazubi eta Musakola auzoetara helduko da jaialdia: kokapen barri horreei esker, 11 agertoki eta 20 kontzertu izango dira guztira Arrasaten. Ganera, aurkezpen ekitaldia Ander Zubillaga musikari tolosarrak girotu dau.

Barikua, egun berezia

Barikua, hilak 19, jaialdiaren egun handiena izango da, izan be, herriko eszenatoki guztiak erabiliko ditue. Halanda ze, arratsaldeko 19:00retatik aurrera lau kontzertu aldi berean hartuko ditu jaialdiak. Erronka logistiko horrek, herria girotzea dau helburu, bakotxak nahi dauen doinua entzun daian. Musikari guztiak, euskaldunak dira.

Vulcanizadas taldeak emongo deutso hasierea bariku arratsaldeko programazinoari; emakumez osotutako talde bizkaitarrak lehen diskoa aurkeztuko dau. Blues eta soul doinuak buztartzen ditue, arnasearen eta etsipenaren artean.

Horrezaz gan, ondoko taldeak izango dira: Zerendepya, Diablues, Bluezifer eta Amann & The Wayward Sons bilbotarrak.

European Blues Challenge egitasmoan aitamen bereziak lortu dituen taldeak entzuteko aukerea be badago: A contra blues, Mingo Balaguer eta Ina Forsman. Azken horrek, garagarrilaren 20an joko dau, gaueko 22:30ean, Herriko Plazan; Euskal Herrian joten daben lehenengo aldia izango da.

Olona Liss, La Voz telebista-saioaren azken edizinoan egon ondoren, Arrasate Bluesera helduko da, lan barri bategaz. Horrezaz gan, aurreko edizinoko Jam Session-aren arrakastea ikusita, barriro atontzea erabagi dabe. Beraz, parebako kontzertu inprobisatuak eskainiko ditue.

Aurreko urtean bezela, Gasteizko Lazy Blues jantza taldea Arrasate Bluesera bueltauko da garagarrilaren 20an, zapatuan, 11:00etan, Portaloian jantza formazino bategaz. Publiko eta edade guztientzako saioa izango da eta musikariakaz bat egiteko eta jantzan egiteko aukerea izango da.

Domekan, hilak 21, 12:30ean, Herriko Plazan umeei zuzendutako sorpresa bat izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu