'Bertatik bertara' kanpainea, martxan
2024-07-01 09:45 Euskerea berbagaiBisitariak eta zerbitzuen sektorea dira hartzaileak.
Bosgarren aldiz, bisitariei emoten jaken arretean euskereak izaten dauen lekua handitzeko asmoz, UEMAk barriro jarri dau martxan Bertatik bertara kanpainea, batez be udalerri euskaldunak edo arnasguneak gogoan. Beraz, hainbat baliabide eskainiko ditue UEMAk eta bertako kide diran dozenaka udalek, eta 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditue ostalarien artean. Irailaren erdialdera arte izango da kanpainea.
Bertoko produktuen, paisajearen eta ganerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien erakusten dauena euskerea dala nabarmenduko dabe UEMAk eta ekimenean parte hartuko daben udal eta garapen agentziek.
Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide atondu ditue: webguneetarako zein sare sozialetarako bannerrak eta testuak, tabernetan eta jatetxeetan erabilteko mahai ganekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainearen barri emoteko euskarriak eta bisitariek telefonoan erabili ahal izango daben hiztegia, besteak beste. Aurton, ganera, diptikoak prestau ditue, eskeraz, ingelesez, katalanez, gazteleraz, frantsesez eta galizieraz.
Bertako hizkuntzea be kalidadea eta hurrentasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dala gogorarazo nahi deutse zerbitzu sektoreko arduradunei.
Hori guztia gogorarazoteko eta kanpainearen barri emoteko, UEMAko kide diran herrietako merkatariei eta ostalariei helarazo jake ekimenaren barri. Posta arruntez jaso dabe informazinoa 2.000 biztanletik beherako herrietan. 2.000 biztanle baino gehiagoko herrietan, barriz, udalak arduratu dira informazino orriak banatzeaz. Azkenik, merkataritza zerbitzua UEMAk eskaintzen ez dauen herrietan, informazino orria PDF formatuan jaso dabe udalek, egokien ikusten daben moduan zabaltzeko.
Eskuorria, ganera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinau dabe, eta euskeraz ibiltzeko oinarri-oinarrizko hiztegira be bideratzen ditu bisitariak, QR kodeagaz. Gazteleraz, katalanez, frantsesez eta galizieraz dago hiztegia.
Horreezaz gan, kanpainearen barri emoteko spota be prestau dau UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan topauko daben mahai-gainekoaren osagarri.
Barrikuntza moduan, aurtengo Bertatik Bertarako euskarriek QRa izango dabe. QRak web gune orokorrera bideratu, eta, bertan, spotifyren ikonoan klik eginda, Nire bidaiaren soinu banda izeneko musika-zerrendea edegitzeko aukerea emongo dau. Horren helburua da bisitariei euskal musikea ezagutarazotea eta eskaintzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!