Plazandreak Txapelketeagaz bat Bilboko Udala

Bizkaie! 2024-06-27 11:23   Kirola

Pelotaririk onenak batuko dira garagarrilaren 1etik abuztuaren 5era.



Taldekako lehiaketa da eta pelotariek binaka jokatu beharko dabe, lau eta erdiaren barruan; garaipen bakotxeko puntu bat batuko dabe. Maila goreneko 12 pelotarik hartuko dabe parte, lau taldetan banatuta: Arrizabalaga-Capellán eta Ibarrola, Aldai-Mendizabal eta Larrarte, Zabaleta-Gaminde eta Etxegarai eta Garai-Galeano eta Arrillaga.

Bilboko Udala be tartean dabil eta Esperantza frontoira bueltauko da indartuta. Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak txapelketa honen aurkezpenean hartu dau parte. Bilbo izango da emakumeen pelota-jokorik onenaren uriburua.

Emakume Master Cup zirkuituak barrikuntzak iragarri ditu eta horreetako bat Plazandreak Txapelketea da. Txapelketeak ETB-1eko astelehenetako ordutegi nagusia hartuko dau bost astez.

Eta protagonistak lehen mailakoak badira, zer esan txapelketako jaialdi guztiak hartuko dituan frontoiari buruz, Esperantza, emakumezkoen esku-pelotako erreferentziazko kantxea eta lehiaketa honetan estreinetan dana. Gainera, ETBren eskutik, Euskadiko emakumezkoen pelota-klubak ezagutu ahal izango dira eta merezidu daben autortzea jasoko dabe harrobian egindako lan bikainagaitik.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia harro agertu da emakumeen Plazandreak Pelota Txapelketea urian egingo dalako. Errotetak adierazo dauenez, euskal pelotea kirol estrategikoa da herriarentzat, gure kulturearen eta gure nortasunaren zati baita. Horregaitik, Bilboko Udalaren izenean, hainbat ekimen bultzatzen ditugu hori sustatzeko.

Jarduera horreen artean, ondokoak zehaztu ditu zinegotziak: Bilbao Kirolak erakundea Bizkaiko Federazinoagaz lankidetzan ibilten da ikasleen artean pelota-tailerrak atontzen. Emakumezkoen esku-pelotako Hiru Uriburu txapelketea atontzen dogu, Eusko Jaurlaritzearen babesari esker. Gainera, Pelota Eskolea sortu dogu. Eskolearen egoitza Esperantza frontoian dago eta helburua da pelota-jokoa, historia, modalidadeak eta zabaltzea. Umeen artean zaletasuna sortu eta emakumeen kirola sustatu nahi dogu. RTxapeldunen artean bilbotarren bat badago, hobe.

Errotetak amaitzeko adierazo dauenez, kirola tresna bikaina da bardintasuna sustatzeko. Emakume kirolari profesionalei ikusgarritasuna emonez, erreferenteak sortzen gabiz gizartean, batez be gure neska txikientzat. Erreferenteakaz errazagoa da norbera egoera horretan ikustea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu