The Wynntown Marshals taldeak ekingo deutso Berumuga zikloari

Bizkaie! 2024-06-27 09:47   Musikea

Berumugak musika baltzaren puntako lau talde ekarriko ditu Bergarara.

Bergarako Udalak Gaztelupeko Hotsak alkarteagaz alkarlanean upealako taldeak ekarriko ditue Bergarara: The Wynntown Marshals, John Nemeth & The Blues Dreamers, The Rythm Shakers eta The Nothagirres. Espoloian gaueko 22:00etan izango diran kontzertuei hasierea emongo deutsena The Wynntown Marshals talde eskoziarra izango da, 2007. urtean Edinburgon sortu zana, powerpopa eta country rock-a buztartzen dituana. 2010. urtean Europako soinu-banda amerikar onena izentau eben eta gaur egun ez dau galdu sasoi haretako esentzia. Garagarrilaren 5ean joko dabe.

Bigarren barikuan, garagarrilaren 12an, John Nemeth & The Blues Dreamers blues-bandearen txandea izango da. Memphiseko taldeak Amerikar electric Blues eta Soul doinuak jorratu eta erritmo bizi eta erakargarriak joko ditu.

Rockabillyaren txandea izango da hurrengoa, hilaren 19an. Madrildik datoz The Rythm Shakers taldeko kideak. Abeslariaren ahots indartsua nagusituko da oholtzan.

The Nothagirres taldea izango da azkena aurtengo Berumuga zikloan, garagarrilaren 26an. Urretxuko talde gipuzkoarra Iñigo Agirrebalzategik (ahotsa, gitarra), Aitor Godoyk (gitarra), Ana Agirrebalzategik (pianoa, Hammond, koruak), Julen Makazagak (bateria, koruak) eta Borja Aranburuk (baxua, koruak) osotzen dabe, The Hot Dogs!, Mutürbeltz, Sorkun, Dirty Jackets, Supertrooper, Painful lako taldeetan ibilitakoak. Rocka, countrya, R & B, soinu dotore eta basatien arteko nahasketea da euren musikea.

Maite Usabiaga Bergarako Kultura zinegotziak nabarmendu dauenez, urtean zehar entzuteko aukerarik ez doguzan estiloak eta formatuak ezagutzeko aukerea da Berumuga. Aurtengo kartelak hainbat ertz ikututen dituala nabarmendu dau: euskal taldeei lekua egin gura izan deutsegu eta esanguratsua da aurten emakuzmezko artistek daben presentzia, izan be, frontwoman bi egongo dira Berumugan. Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak-eko kideak zehaztu dauenez, harrera ona izan dau programazinoak sektorean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu