Victor De Diego Group, Seada Quartet eta Flen izango dira Bermeon

Bizkaie! 2024-06-26 12:46   Musikea

Garagarrilaren 3tik 5era izango dira Bermeoko Kafe Antzokian, doban.

Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak atontzen daben eskualdeko jazz jaialdi bakarra da eta helburuak, barriz, Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutzea bultzatzea, jazz mundua herrira hurbiltzea eta jazz musikearen jokera barrienak ezagutarazotea dira azaldu du Bermeoko Udaleko kultura zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak.

Jizz Jazz Kultur Taldeko Joseba Verdesek azaldu dau aurtengo Jazberrek jarraipena emon gura deutsola kalidade maileari: Azken urteetako jokereari eutsiz, maila handiko taldeak izango ditugu Bermeon. Guretzat oso garrantzitsua da kalidadeari eustea, jenteak jazz musika onenaz gozetako aukerea izan daian.

Victor de Diego Group

Jazzberreri ekiteko ardurea izango dau, garagarrilaren 3an, eguaztenean. Victor de Diegok 40 urteko ibilbidea dauka. Estaduko jazzaren irudi nagusienetako bat da. Zazpi disko ditu líder modura, eta hirurogei baino gehiago sideman modura. Era berean, asko dira nazinoarteko orkestra eta artistakaz egin dituan kolaborazinoak, baita jazzaren barruan zein kanpoan be.

Seada Quartet

2023. urtean A Coruñan sortu zan taldea izango da bigarren eguneko talde protagonistea. Laukoteko kideek sarritan kolaboretan dabe nazinoarteko musikariakaz. Taldeak konposizino originalen eskuz eta soinu propio bat bilatzeko bidean, jazz eklektikoa eta modernoa eskaintzen dau.

Flen

Jazzber jaialdia zarratuko dau garagarrilaren 5ean, barikuan.

Estokolmon sortu zan taldea 2021ean, Suediako eta Danimarkako musikariakaz; 2023an argitaratu eben Välkommen till FLEN albuma. Taldearen konposizinoek haize-sekzinoak oinarri erritmikoan eskaintzen dituen testura eta adierazkortasun aukerak arakatzen ditue.

Jazzber jaialdia erreferentea da gure eskualdean eta urtero legez, maila handiko taldeak izango ditugu udalerrian. Jazzberrek udan jazzaz gozetako aukera parebakoa eskaintzen du, horregaitik bermeotarrak zein inguruko herrietako bizilagunak animetan ditugu etorri daitezan, kalidade handiko jazz musikaz doban gozetako aukerea emoten baitau, esan dau Etxebarriak.

Azkenik, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eskerrak emon deutsee Jizz Jazz Kultur Taldekoei urte honeetan guztietan egindako lanagaitik: Bermeoko jazzaldia eskualdean erreferentea izatea lortu dozue eta urterik urtera kalidadeko programea lortzeko lan handia egiten dozue. Gure helburua da herritarrak kulturearen parte eta jaube izatea eta hori lortzeko gakoa udalaren eta herriko taldeen arteko alkarlana da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu