V. Mendi Film Bekearen deialdia edegi dabe
2024-06-26 11:05 ZinemeaIrailaren 30ean zarratuko da.
Mendi Film jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Mendi Film Bekearen 5. edizinoa iragarri dabe. Mendiko Kulturearen ikus-entzunezkoak sustatzea da helburua.
Errealizadoreen gaztetasuna, Bizkaian grabautako proiektuak eta horreen izakerea lokal-globala, balorauko dira. Halanda be, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango bekea lortzeko garaian.
Bekeak, 10.000 euroko diru-laguntzinoa eta aholkularitza programea eskainiko ditu. Egile amateurrek nahiz esperientziadun profesionalek aurkeztu ahal izango dabe hautagaitzea, hori da aurtengo deialdiaren barrikuntza nagusia.
Hautaketa-prozesuak fase bi izango ditu. Lehenengoan, hurrengo fasera pasauko diran bost proiektu finalistak hautatuko dira. Bigarren fasea, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 17. edizinoan izango da, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunidadeko nahiz mendi munduko kideez osotutako epaimahai batek erabagiko dau Mendi Film Bekearen 5. saria jasoko dauen proiektua.
Inskribiduteko deialdia 2024ko irailaren 30ean zarratuko da. Oinarriak eta izena emoteko formularioa hemen.
Gaiak
Mendiko kirolak (alpinismoa, eskaladea, senda-zaletasuna, eskia, mendiko bizikletea, trail-runninga, kayak, espeleologia, slack-line, parapentea eta beste batzuk), abenturea, esplorazinoa, naturea, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna eta/edo klima-aldaketea. Guztiak mendiaren eremuan garatuak. Proiektuaren idea originala izan beharko da.
V. edizinoa
2020an egin zan Mendi Film Bekearen lehen deialdia. Halanda ze, hiru pelikula estreinau dira eta laugarrena, sortze prozesuan dago.
- 2020: Txango (Tamara Lucarini).
- 2021: Lobos (Marina Garcia).
- 2022: Oinez (Leire Egaña).
- 2023: Highline Nervión (Dani Cascales). Sortze prozesuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!