Mavis Staples, gogoratuko dogun kontzertua

Bizkaie! 2024-06-25 09:37   Musikea

50.000 lagun batu zituan Azkena Rock Jaialdiak.

Argazkia: Jordi Vidal. | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkena Rock Festival rock & roll jaialdi nagusiak agur esan deutso 22. edizinoari, 50.000 lagun baino gehiago batu ostean. Agertoki ganean, ondoko artistak entzuteko aukerea izan doguz; Queens Of The Stone Age, Band Of Horses, Sheryl Crow, Jane’s Addiction, L7, Mavis Staples, Warren Haynes Band, Tarque & La Asociación del Riff, Redd Kross, Arde Bogotá, Ty Segall, PiL.T, The Real McKenzies edo Lendakaris Muertos.

Bagilak 21, lehen eguna

Gogotsu hasi zan jaialdia, izan be, ateak edegi eta berehala, Txopet talde bilbotarra entzuteko aukerea izan genduan. Kontzertu bizia eta mobimendu askokoa, itzela jaialdiari hasierea emoteko.

Horren ostean, denporeak lagundu ez arren, Jane's Addiction, Ty Segall, Los Sírex eta Tarque & La Asociación de Riff lako taldeen kontzertuak nabarmendu ziran.

Aitatzekoa be, aurtengo oholtzen diseinua, izan be, Arabako Diseinatzaileen Alkarteak 10 postal sortu zituan.

Argazkia: Oscar L. Tejeda.

Bagilak 22, bigarren eguna

Bigarren egunak izen propioa izan eban: Queens Of The Stone Age. Talde Estadu Batuarrak kontzertu historikoa eskaini eutsen bertaratutako rock zaleei. Haren hirugarren aldia izan zan ARFen (2005 eta 2011 urteetan egon ziran) eta barriro be, erakutsi eben zergaitik diran munduko rock talde handienetako bat.

Horreen aurretik, Arde Bogotá, modan dagoan estaduko talde gaztea ikusteko aukerea izan genduan. Abeslariari, lehenago aitatu ebanez, errespetu handia emoten eutson jaialdian jotea. Kontzertu ona eskaini eben, jentez ganezka.

Horreezaz gan, kontzertu ugari ikusteko aukerea izan zan. Eguna hasteko, Ezpalak talde zestoarraren kontzertuan egon ginan. Hirugarren oholtzan izan arren, jentea bertaratu eta ganezka egon zan. Juanjo abeslariak sekulako zuzenekoa emon eban.

Lisa & The Lips, L7, Barry Adamson, La Perra Blanco, Redd Kroos, Les Greene... ez doguz ahaztu behar, izan be, kontzertu bikainak emon zituen.

Azkena Rock Foroak 20 urte bete ditu aurton. Foroari esker, musikaz ikasi, jaialdiari buruz berba egin, miloeka post idatzi eta batez be, lagunak egiteko aukerea egon zan. Forozale ugari batu ziran trashvillen egindako topaketan, ezagutzeko eta aspaldikoakaz alkartzeko. Ganera, horreetako batzuk kontzertuak eskaini zituen, komunidadea sendotuz. Beraz, idea itzela izan eban jaialdiak.

Nabarmentzekoa da, eguneko sarrera guztiak agortu zirala. Hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Egia da, jende asko egoala, baina ez zan antzemoten estutasun handirik.

Argazkia: Oscar L. Tejeda.

Bagilak 23, hirugarren eta azken eguna

Azken egunean, zeruari begira egon arren, euriak atsedena emon euskun. Eguneko kartelburuak gauean izan arren, askorentzat, nahitaez ikusi beharrekoa Mavis Staple zan. 84 urteko soul legendak, kontzertu ahaztezina eskaini eban, benetan hunkigarria, izan be, interpreteak bikain transmitidu zituan emozinoak eta maitasuna.

Sheryl Crow, musika iparramerikarren ikonoak, hogei urte ostean, lehen kontzertua eskaini eban Estaduan eta gustora entzun genduan. Band of Horses-ek, barriz, Europan aurten emon daben kontzertu bakarra izan da, beraz, taldearen jarraitzailentzat ezinbestekoa izan zan. Nostalgia eta itxaropena transmitidu zituan Ben Bridwell-ek.

Barriro be, aurreko egunenan lez, Trashvillei buruz berba egin behar dogu, ezinbesteko leku bihurtu baita. Bertan, zapatuan, sekulako kontzertua ikusteko aukerea egon zan The Mummies taldearen eskutik.

Horreezaz gan, The Pickin`Boppers taldeak Andre Maria Zurian kontzertu bikaina eskaini eban eguerdian. Amaitzeko, gomendagarria da Azkena Podcastak entzutea, izan be, talde eta musikari askok berba egin eben jaialdiari buruz.

2025eko edizinoari agur esan arren, Jaialdia 2025eko bagilaren 19, 20 eta 21 bueltako da Gasteizko Mendizabalera. Urtero lez, atontzaileek eskerrak emon nahi izan deutsee Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari, Petronori eta La Salveri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu