Clarisa Navas zinegile argentinarrak jaso dau Zinegoak 2024 Ohorezko Saria

Bizkaie! 2024-06-25 07:58   Zinemea

Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia bart hasi da.



Arriaga Antzokian, gonbidapenak agortuta, inaugurazinoan emon deutse autortzea; Eddi Circa bakarlariaren saioa, On The Go filmaren proiekzinoa edota Clarisa Navas zinegile argentinarraren berbaldia, Zinegoak 2024 Ohorezko Saria jasoteko. Hoy partido a las 3 edo Las mil y una film luzeen zuzendaria oso pozik eta hunkituta agertu da Zinegoakeko sari nagusiagaz: uste dot holako autortza batek balio dauela hain bakarrik ez gagozala sentiduarazoteko. Asko hunkitu ninduan albistea jaso nebanean, hemen dana hankaz gora baitago eta batzuetan badirudi ezerk ez dauela esangurarik. Etorkizuna oso hondatuta dago, baina alkartu ezkero, zeozer jazo daiteke. Bihotzez eskertzen deutsuet, besarkada estua sentidu dot.

Zinegoakeko zuzendariak, Alaitz Arenzanak, Navasen zinema egiteko modua azpimarratu dau: zuzendari, gidoilari eta produktore bikaina da, klase eta genero ikuspegidun zinemea jorratzen dauena, pasinoz eta konbentzimenduz. Zinema horrek sorkuntza kolektiboko prozesuak sustatzen ditu, eraldaketarako motor eta palanka moduan.

Navasek gaur egun Argentinan bizi dan egoeraz ohartarazo dau: gatxa da sensazinoa azaltzea, baina hilebete honeetan, ultraeskuina gobernura heldu zanetik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat. Kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herri honen memoria be, era sistematikoan suntsitzeko plana ikaragarria da, oso nekagarria, egunero burrukan ibili behar izatea. Hori dala eta, gatxa da pentsetea zelan jarraitu filmak egiten, edo zer leku izan leiken film batek herrialdearen ia erdiak gosea dauenean. Halan da be, biziten gabizen hondamendi sozial hori beste zeozer pentsaurik eregi behar da. Uste dot geuk, queer garenok, apur bat grabauta daukagula hori, beharrezkoa dala burrukatzea eta desiratzea bestelako mundu bat amesteko eta sortzeko. Orain hemen barriro egoereak okerrera egin eta horrek larritasun handia sortzen dau, baina ez deutsagu itxiko hain erraz jazoten.

Zinemagileak gaur egun lantzen dabizan proiektuak be aitatu ditu: -El príncipe de Nanawa- amaitzen gabiz. Orain ia 10 urte ekin geuntsan etaprozesu txiki batetik be sortzen da, Paraguaiko eta Argentinako mugan kasualidadez ezagutu neban ume baten ondorioz. Gauza askok hunkitu ninduen, haren ames eta desio guztiak entzun nituan. Munduan orain dala gitxi egoan baina berak baekian gauzak ez egozala ondo, baina halan da be beste errealidade bat asmetan ausartzen zan, dana aldez aurretik galduta egon arren. Momentu horretatik denpora asko igaro da eta bizi-baldintzak sano gaiztotu dira, ames batzuk bete ahal izan dira, gehienak ez, baina maitasun bat dago, denporan irauten dauena.

Inaugurazinoaren ondoren, astebetez Zinegoakek hamaika jarduera atondu ditu sexu-aniztasunagaz eta kultureagaz lotuta, Bilboko areto askotan: Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Getxoko Muxikebarri zentroa... Eraberean, nazinoarteko hainbat gonbidatu be egongo dira Bilbon, jaialdiak atondutako barriketaldi eta aurkezpenetan parte hartzeko: Karan Vuslat zuzendari turkiarra (Mavi Kimlik) Adrián Silvestre zuzendaria (Hágase tu voluntad), Kotsikos Filippos-Evangelos drag aktore greziarra (Avant-Drag!), Maria Gisèle Royo eta Julia de Castro (On The Go) eta bestelakoak.

Amaiera ekitaldia garagarrilaren 1ean izango da Bilborock Aretoan eta bertan banatuko dira aurtengo sari guztiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu