Herri-kirolak Bilboko kaleetan

Bizkaie! 2024-06-21 13:18   Kirola

Bilbao Altxatuz programeari esker.




III. Bilbao Altxatuz ekimenak herri-kirolen 8 erakustaldi programauko ditu kalean bagilaren 30ean hasita; amaitu, barriz, abenduaren 21ean amaituko da, San Tomas eguneko merkatuan erakusketa bat eginez. Aurtengo edizinoak herri kirolen modalidadeak Abusu, San Ignazio, Errekalde, Olabeaga, Zorrotza eta Arenalera hurreratuko ditu.

Ikasturte honetarako programautako erakustaldietako probetako batzuk Open Bizkaia Torneoan eta Bizkaiko txapelketa ofizialetan sartzen dira. Esangura horretan, euskal herri kiroletako diziplinetako lehen mailako kirolari profesionalak jardunean ikusi ahalko ditugu.

Gaur emon jako hasierea programari, harria jasoteko ariketa bategaz: Inhar Urruzuno (Euskal Herriko txapelduna hirutan eta Bizkaikoa beste zortzitan) eta Leire Olea (2023an hasi zn hainbat erakustalditan parte hartzen eta aurten ofizialki lehiatzen hasi da) ibili dira.

Bestetik, Juan Miguel Ranero Bizkaiko Herri Kirol Federakuntzako presidenteak opari bat emon dio Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziari, Udalak eta Bilbao Kirolak-ek Bilbon herri kirola ezagutzera emoteko eskainitako laguntzea eskertzeko.

Bilbao Altxatuz 2024

Aurtengo programeak herri kirolak Bilboko auzoetako plaza, parke eta frontoietara atarako ditu. Hainbat modalidadetako erakustaldiak egingo dira, kirolari federatuakaz: harri-jasotea, azkorea, ingudea edo lasto jasotea. Erakustaldi horreetako lehenengoa bagilaren 30ean izango da, 13:00ean, Abusun.

  • San Ignazio: Levante plaza. Garagarrilak 28. Arratsaldeko 19:00retan.
  • Errekalde: Ametzola. Abuztuak 21. 18:00.
  • Olabeaga: Eleizako zabalgunea. Irailak 8. 12:30.
  • Zorrotza: Zorrotzako frontoia. Irailak 28. 13:00.
  • Deustu: Done Petri plaza. Urriak 6. 13:00.
  • Errekalde: Ametzola. Abenduak 1. 13:00.
  • Arenala: Santo Tomas azokea. Abenduak 21.

Programaren helburua da herri-kirolen diziplinak ezagutzera emotea Bilboko edade txikikoen artean, herri-kirolak Bilboko ikastetxeetan eskola-kirol lez sustatzeko. Holan, 2023an, Bilboko 10 ikastetxetako 1.800 ikasle baino gehiagok parte hartu eben herri-kirolak zabaltzeko jardunaldietan. Esperientzia hori erantzun handikoa izan zan eta datorren ikasturtean errepetiduteko asmoa dago.

Gauzak holan dirala, Bilbao Kirolak-en eta Bizkaiko Herri-Kirol Federakuntzearen arteko lankidetza-hitzarmenaren testuinguruan, ikasturteko lehen hiruhilekoan herri-kirolak sustatzeko jardunaldi bat atonduko da Lehen Hezkuntzako 3, 4 eta 5. mailetako ikasleentzat, euren edadera egokitutako materialagaz, zenbait modalidade probau deiezan. Horrezaz gan, 2025eko urtarriletik aurrera, Federakuntzeak saioak atonduko ditu aldian behin interesa daben ikastetxeetan, edade txikikoek herri-kiroletan ibili daitezan.

Bilbao Altxatuz programea Bilboko Udalaren Kirolerako Estrategiaren barruan dago eta horren ardatzetako bat Bilbao Kirolak Komunidadea da; ardatz honek kirolaren ekosistemea dinamizau gura dau, beste erakunde batzuekaz eta herritarrakaz batera. Herri-kirolen sustapena Bilboko Udalaren kirol-politikea gidatzen dauen dokumentu honetan ezarritako ekintza eta konpromisoetako bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu