Fermin Muguruzak nazinoarteko birea iragarri dau

Bizkaie! 2024-06-20 10:00   Musikea

2025eko bagilaren 14an Anoetan egingo dauen kontzertuan sarrerak, domekan erosi (hilak 23) ahal izango dira hemen.

Hamaika urte nazinoarteko birarik egin barik, eta aurreikuspen guztiak hausiz abenduan Bilboko kontzertu bietarako 16.000 sarrera minutu gitxitan saldu ondoren, Fermin Muguruzak 2025eko birea aurkeztu dau. Kortaturen sorrereratik hasi eta 40 urteko ibilbide musikala errepasauko dau.

Birea, Europa, Amerika eta Asiako uri askotatik pasauko da 2025. urtean, baina iberiar peninsulan be lau kontzertu atondu dira:

  • Urtarrilak 24: Barcelona (Palau Sant Jordi).
  • Zezeilak 15: Madrid (Wizink Center).
  • Martiak 15: Santiago de Compostela (Fontes do Sar).
  • Bagilak 14: Donostia (Anoeta Estadioa – Reale Arena).

Kultura disidentearen kontrako zentsurea

40. urteurrena momentu berezi batean heldu da, izan be, eskuin mediatiko eta judizialak Muguruzaren aurkako erasoa egin dau barriro. Horren aurrean, musikari eta zinema-produktoreak sare sozialetan ohartarazo eban kultura gehiagogaz erantzungo ebala, haren ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz.

Artisteak, ekitaldi horreek kontzertu hutsak baino gehiago izango dirala adierazo dau, halanda ze musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna izango dira. Publikoak Euskal musikearen eta  nazinoartekoaren ikono bihurtu diran abestiez disfrutetako aukerea izango dau.

Birea aurkezteko helburuagaz, Muguruzak lagunak batu eta bideo bat egin dabe, besteak beste, Itziar Ituño, Maria Cruickshank, Aitziber Garmendia edota Jon Plazaola lako Euskal aktoreez, edo HOFE lako musikariagaz. Ikusi hemen.

Birako kontzertu garrantzitsuena Donostiako Anoeta Estadioan eskainiko dau, izan be, inoiz egin dauen kontzertu handiena. Estadioa, euskal abestiez beteko dala aldarrikau nahi dau.

Sarrerak salgai

Donostiako Anoeta Estadioko sarrerak domekan, bagilak 23, goizeko 9:00etan jarriko dira salgai hemen. Gainontzeko urietarako sarrerak bagilaren 25ean jarriko dira salgai aitatu webgunean.

Iruneko artisteak ondokoa gogorarazo dau: independentzia musikalaren, autogestinoaren eta adierazpen askatasunaren garaipena izango da, 40 urtetako ibilbidea eszenatokiaren gainean ospatzea, oso kolpetua izan dan belaunaldi bateko kide izan nazelarik. Kontzertu horreek guztiontzat bereziak izatea espero dot, musikearen, jantzearen eta aldarrikapenaren bitartez, memoria kolektiboaren, bizitea ospatzearen eta faxismoaren kontra egiteko, besarkaden erritua.

Kontzertu guztiak

- 2024:

  • Abenduak 20: Bilbo – Miribilla (Sarrerak agortuta).
  • Abenduak 21: Bilbo – Miribilla (Sarrerak agortuta).

- 2025:

  • Urtarrilak 18: Tenerife – EC Aguere.
  • Urtarrilak 24: Bartzelona - Palau Sant Jordi.
  • Zezeilak 15: Madril - Wizink Center.
  • Martiak 15: Santiago de Compostela – Fontes do Sar.
  • Martiak 21: Paris – La Cigale.
  • Martiak 22: Bordele – Salle du Grand Parc.
  • Martiak 28: Toulouse – Le Bikini.
  • Martiak 29: Marseilla – Espace Julien.
  • Apirilak 12: Zurich – Rote Fabrik.
  • Apirilak 16: Berlin – SO36.
  • Maiatzak 20: Santiago de Chile – Cariola Antzokia.
  • Maiatzak 24: Buenos Aires – Obras Estadioa.
  • Maiatzak 28: Bogotá – Calle 13.
  • Maiatzak 31: Mexico - Skatex (Texcoco).
  • Bagilak 07: Roma - TBC.
  • Bagilak 14: Donostia – Anoeta Estadioa / Reale Arena.
  • Garagarrilak 23: Tokyo – Radical Music Network.
  • Urriak 4: Azken kontzertua (zehaztu barik).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu