'Artxipelagoa' lemapean dator XI. Atlantikaldia

Bizkaie! 2024-06-20 09:26   Musikea

Iragarritako artisten artean, Bele, Esanezin eta Sol Band dagoz.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendariak eta Esti Parada Atlantikaldiako komunikazino teknikariak Atlantikaldia jaialdiaren aurkezpena egin dabe, Lekuona Fabrikan. Hamaikagarren edizinoko aurrerapena iragarri eta webgune eraberritua aurkeztu dabe.

Atlantikaldia Errenteriako Udalak atontzen dauen kultur topagune eta musika jaialdia da, aniztasunari omenaldia eginez. Irailaren 19tik 22ra egingo da, Artxipelagoa lemapean: Hamaika urte beteten ditu aurten jaialdiak. Hamaika berben esanahia zenbaki hutsetik harago doa euskeraz: hamaika aniztasuna da; halanda ze, hori da Atlantikaldiaren erroa. Hamaika emonaldi, hamaika sorkuntza, hamaika hartu-emon eta hamaika emozino adierazo dau Aizpea Otaegi alkateak.

Aurtengo jaialdiak, betiko lez, lau plaza nagusi hartuko ditu: Lehendakari Agirre plazea, Herriko plazea, Panier orubea eta Foru plazea. Hori bai, ibaian eta herrian zehar ekimen gehiago egingo ditue, izan be, jaialdiaren artxipelagoa osotuko daben guneak izango dira.

Karteleko lehen izenak

Ekitaldi ugari izango dira, kulturen arteko alkarrizketa eta sormen artistikoa buztartuz, bakotxaren nortasunari eutsiz eta alkarregaz osotasunean funtzionauta: musika eta jantza saioak, literaturea, gastronomia eta ume eta helduentzako tailerrak.

Maite Gartzia kultura zinegotziak, programazinoa osotu eta aberasteko eragileek egin dituen proposamenak eskertu nahi izan ditu: Herriko eragileen inplikazinoa oso garrantzitsua da jaialdiarentzat, izan be, herritarrek helarazoten deuskuezan ekarpenek asko dabe geure herriaren izakera eta balioetatik, eta Atlantikaldiak horren guztiaren isla izan behar dau.

Bestalde, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendariak adierazo dauenez, Kultura, Lankidetzea, Gazteria eta Kirol Departamentua Atlantikaldiagaz konprometiduta dago eta urrats bat gehiago emotea erabagi dau: Lehen aldiz, Gazteria, Atlantikaldiagaz alkarlanean ibiliko da, gazteen kulturea eta umeentzako eta familientzako espazioak sustatzeko.

Esti Paradak, komunikazino arduradunak, iragarri ditu jaialdian izango diran lehenengo artistak: eguenean, Cocanha + Julen Achiary eta Bele izango dira; barikuan Esanezin, Francisco El Hombre eta Bichos Raros; eta zapatuan, Sol Band, La Otra, Iseo & Dodosound eta La Txama.

Atlantikaldiaren balioakaz bat egiten daben artistak izango doguz oholtza ganean. Saiatu gara nazinoarteko eta bertako artisten artean dibersidadea bilatzen, baita emakume artistei oholtzan euren tokia bermatzen be. Kulturearen munduan emakumeek merezidu daben zeregina autortzeko erakusleiho aparta gara, eta eredu izaten jarraitu nahi dogu esangura horretan, adierazo dau Paradak.

Kontuak kontu, jaialdia irailaren 19tik 22ra izango da Errenterian. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dau egitasmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu