Izibene Oñederraren eta Iratxe Fresnedaren film laburrak hautatu ditu Kimuak 2024 programeak
2024-06-20 08:10 ZinemeaUPV/EHUko hiru gradudunen obrak be jasoten ditu aurtengo katalogoak.
Eusko Jaurlaritzeak zazpi film laburren katalogo bat argitaratzen dau urtero. Momentuko euskal filmografiako lanik nabarmenenak izaten dira. Aurten, aukeratutako zazpietatik bostek zuzeneko loturea dabe unibersidadeagaz, izan be, irakasleak dira bi eta beste hiru UPV/EHUko geletatik igarotako gradudunak.
Arte Ederren Fakultadeko Izibene Oñederra irakaslearen eta Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko Iratxe Fresneda irakaslearen film laburrak, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Errotatiba izenekoak, izango dira aurtengo katalogorako aukeratutako obretako bi. Era berean, UPV/EHUko gradudunen hiru lan be jasoko ditu katalogoak, hain zuzen be, Alba Lozano, Jorge Moreno Quintana eta Joana Moyarenak.
Euskadiko film laburrak nazinoartean sustatzea eta banatzea da Kimuak programearen helburua eta, esangura horretan, mundu osoko zinema jaialdirik eta ikus-entzunezko egitasmorik garrantzitsuenetara bialduko dabe hautaketa hau. Azken hamarkadan, hiru lan film laburrik onenen artean izentau ditue Oscar Sarietan.
Izibene Oñederrak, Arte Ederren Fakultadeko irakasleak, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) obrea eroango dau katalogora; animazino filma da, dimensino bitan marrazketa teknikearen bidez egina: ingurumen krisiaren gaineko fikzinoko istorio iluna da eta gainbeheran dagoan komunidade txiki bateko biztanleria erakusten dau; bizitea tokau jakonaren aurrean, bakotxak ahal dauena egiten ikusten da. Pribilegiodunak, carpe diem pensamenduari lotuta; beste batzuk, bizirauten saiatzen. Zer etorriko ete da? Besterik ezean, salbauko al gaitu zeozek?, azaldu dau Oñederrak haren film laburrari buruz.
Bestetik, Iratxe Fresnedak, Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeko irakasleak, Errotatiba izeneko film laburra aurkeztu dau: film labur hau egiteko, espazioen, soinuen, lanbideen eta artxibo zinematografikoaren gaineko ikus-entzunezko ikerketea egin dot. Kasu honetan, prensa idatziari, egunkariari, lotuta. 2019an hasi nintzan ikus-entzunezko piezan erakusten diran espazioen zirriborro grafikoak eta bisualak egiten. Alde batera itxitako lekuak, Euskal Herriaren orain gitxiko memoriagaz lotuak. Filmak hausnarketea eragin nahi dau lanbide jakin batzuen eta jazoera historikoen desagerpenaren eta ahanzturearen gainean eta, aldi berean, munduan egoteko modu baten galerea erregistrau nahi dau, azaldu du Fresnedak haren film laburrari buruz.
Zuzendarien belaunaldi barri baten parte da Fresneda, ikus-entzunezko ikerketearen eta industriarako lanaren artean eratua. Haren lanek estadu mailako eta nazinoarteko eragin interesgarria izan dabe azken urteetan. UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazinoa Saileko irakasle agregadua da 2004tik. Ikertzailea eta irakasle gonbidatua izan da Nevadako Unibersidadean (AEB), New Yorkeko CUNYn (AEB), Lundeko Unibersidadean (Suedia) eta Toulouse II - Le Mirailen (Frantzia).
Oñederrak ibilbide ezaguna dau animazinoan eta Kimuak katalogoaren parte izan da hainbat alditan: Hezurbeltzak, una fosa común, Hotzanak, For Your Own Safety eta Lursaguak zuzendu ditu eta Beti bezperako koplak, Areka eta Ehiza lan kolektiboetan parte hartu dau.
Zinemagileen harrobia
Aitatutako irakasle bi horreez gan, unibersidadeko hiru gradudun ere aukeratu dituzte aurtengo Kimuak katalogorako. Alauda Ruiz de Azúa, Borja Cobeaga, Estibaliz Urrusola edo Jon Garañoren mailara iristen saiatuko dira hiru gradudun horiek; izan ere, zinemagile horiek UPV/EHUn ikasi zuten.
Alba Lozano, Ikus-entzunezko Komunikazinoan graduduna, Utländsk lanaren egilea da. Lan horretan, protagonistea Oiartzunera bueltetan da, sei urtez Suedian bizi ondoren: ez zala bueltaukoo zin egin eutson bere buruari, baina ezegonkortasun ekonomikoak eta laneko prekariedadeak bueltetea eragin eutson.
Jorge Moneo Quintana, Arte Ederretan graduduna, Exergo lanaren egilea da. Saiakera horretan, Bilboko Arte Ederren Museoko margolan batzuetako xehetasun periferiko eta ezkutuetan oinarrituta, ijoaneko eta oraingo artisten baldintza sozial, ekonomiko eta psikologikoakaz lotutako hainbat gai aztertzen ditu.
Azkenik, Joana Moyak, Geologian gradudunak, Todo lo cubre la sal lana aurkeztu dau: berrogeita hamazazpi saregilek lan egiten dabe Euskal Herriko itsasertzean. Lan tradizionala da, denporea gelditu izan balitx lez jarraitzen dauena. Eskuak gatzez estalduta, geratu barik josten dabeute, isilean. Itsasoaren eta haren misterioaren parte dira. Itsasontzi baten alertak gaua hausten dau, itsasargiak dana argitzen dau, marinel bat noraezean dabil uraren pensamenduetan barrena eta esku batzuek jantzan egiten dabe sareakaz bat egin arte, azaldu dau Moyak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!